Zapatuan egingo dabe abadiñarrek Urkiolako errogatibea

Bizkaie! 2022-08-23 13:17   Kulturea

Erretiratuen urtekerea eta bazkari herrikoia barriro dagoz egitarauan.

Ohitureak agintzen dauen lez, Abadiñoko herritarrek Urkiolako errogatibea egingo dabe zapatuan, abuztuak 27. Udalak aurreratu dauenez, goizeko 09:00etan urtengo dabe Muntsaratz inguruko Andra Mari ermitatik, eta San Rokeren irudia Urkiolaraino igongo dabe, oinezko zeharkaldian.

Aurreko urte bietan, pandemiagaitik, ezin izan ziran egin erretiratuen urtekerea eta bazkari herrikoia. Aurten, tradizinoa berreskuratu eta barriro dagoz egitarauan. Horrenbestez, oinez joan nahi ez dabenentzat, edo ezin dabenentzat, autobusa ipiniko dau Udalak. Goizeko 10:30ean urtengo dau. Mezea 11:30ean hasiko da, Urkiolako santutegian.

Bazkari herrikoia 14:00etan egingo dabe, Urkiolan, herriko erretiratuak eta udalbatzako kideak bertan dirala. Aurten, ohiko Gisote herrikoia be egingo da Gaztañodiko plazan, 20:00etan –euria egiten badau, Probalekuan-. Ondoren, Lotxo Taldeak girotutako erromeria egongo da.

Urkiolako errogatibearen tradizinoa noiz sortu zan ziur ez dakigun arren, badakigu izurrite baten ondoriozko uzta txarreko urte batean antolatu zala lehenengo aldiz. Abadiñar talde batek San Roke Urkiolaraino eroatea erabagi eban, santuari euren laboreen alde erregutzeko, eta harrezkero urteroko tradizinoari eutsi jako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu