Bermeoko jaietan 80 jarduera baino gehiago egongo dira
2022-08-23 10:36 KultureaGozategi, Bulego eta Puro Relajo zuzenean entzun ahal izango doguz.
Normaltasunera bueltauko dira Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, Udaleko ordezkariek ziurtatu dabenez. Egitarau bete-betea eta murrizketarik bakoa atondu dabe irailaren 7tik 16ra, edade eta gustu guztietako jentearentzat aproposa izango dalakoan. Jaiak % 100ean disfrutau ahal izango doguz aurten, gogo handiz gagoz jaiei hasierea emon eta betiko formatura bueltetako, adierazo dau Aritz Abaroa alkateak egitarauaren aurkezpenean.
Udalaren programazino ofizialean 80 ekintza edo jarduera baino gehiago dagoz. Musikea, jantzak, antzerkia, herri kirolak, su artifizialak, playback erraldoia, Sukalki Eguna... ez da ezer faltauko. Almikatik bajadea egin eta gero, Xixiliren aurkezpenagaz eta alkatearen pregoiagaz ekingo deutse bermeotarrek ospakizunari, irailaren 7an.
Hurrengo egunean, 8an, Andra Mari Eguna izango da. Udalbatza Goiko Plazan alkartuko da Alkate soinua entzuteko eta, ondoren, Almikara joango da Bermeoko Erraldoien Konpartsa, Aiarako Musika Banda, Alkartasuna Dantza Taldea eta Kankinkabara Txistu Taldeagaz batera. Arratsaldean, herri kirolak eta bertso saioa izango dira Artza Frontoian.
Irailaren 9an, Arrantzaleen Egunean, lora eskaintzea eta aurreskua egingo dira goizean, arrantza ontzien hornitzaileei omenaldia eskainiz eta Enrike Zubiari esker ona emonez. Ganera, egun horretan drogen konsumoaren prebentzinoa landuko dabe. Informazino eta testing zerbitzua egongo da Udal Liburutegiaren alboan eta baita Botiltzarra izeneko programea be.
Kontzertuei jagokenez, hainbat estilotako musikea ekarten ahalegindu da Udala, eta talde historikoak zein gaur-gaurkoak entzun ahal izango doguz: Gozategi, Bulego, Puro Relajo, Boleros 4, Leire Gotxi eta Play the game, azken hori Queen-en omenezkoa.
Playback erraldoian, ostera, herritarrek eurek igongo dabe oholtzara. Irailaren 13an izango da hitzordua, baina aurretik izena emon beharko da, hilaren 1etik 5era, Gizarte eta Kultur Etxean. Umeentzako (6-14 urte) eta helduentzako modalidadeak egongo dira.
Ohiko moduan, azken egunean, irailaren 16an, Santa Eufemia eguna ospatuko dabe bermeotarrek. Baserri giroko azokea eta produktu ugariren txapelketak antolatuko dira, besteak beste, XXX. Bizkaiko Artzai Gazta Txapelketea eta Euskal Oiloaren Bizkaiko V. Txapelketea. Santa Eufemia eleizeari, Jorge Vergniory Arana Gazteluko jaien argazkilariari eta Anton Benguria Ereño baserritarrari omenaldia egingo deutse. Txosnetan, ostera, mozorro eguna izango da 16a. Jaiak Xixili erreta amaituko dira.
Jaien kontura, Udalak protokoloa landu dau eraso sexistei aurre egin eta biktimei arretea emoteko. Halako kasurik gertau ezkero, zerbitzuen arteko koordinazinoa adostu dabe. Ganera, informazino-eskuorriak zabalduko ditue. Argi eta ozen esaten dogu, herri eta Udal honek ez dau eraso sexistarik onartuko!, adierazo dau Aritz Abaroa alkateak. Alkarreganako errespetua erdigunean izan behar daben jai honeek gozetako egunak izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!