Larrain Jantza tradizionala Bilbora bueltan da

Bizkaie! 2022-08-23 09:16   Kulturea

Aste Nagusian egunero dagoz jantzarako aukera ugari.

Bilboko Larrain Jantzea ekitaldi jentetsua eta herrikoia izaten da (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Azken urteotan, ohiturazko hitzordua bihurtu da Bilboko Aste Nagusian Larrain Jantzea, baina, pandemiagaitik, aurreko urte bietan ezin izan da egin. Aurten, bilbotarrak barriro dabiz jaiak bete-betean ospatzen eta, hortaz, Larrain Jantzea be bueltan da. Gaur, martitzena, egingo dabe, 20:00etan Plaza Barrian.

Tradizinoari berrekiteak dakarren poztasuna bilbotar eta bisitari guztiakaz konpartiduteko asmoz, Bilboko Udalak dei egin dau Larrain Jantzan parte hartzera. Zatoz zure jantziagaz! lemapean, herritar guztiak animau ditu euskal jantziak soinean Plaza Barrira hurreratu daitezan.

Udalak azaldu dauenez, Euskal Herrian zuztartuen dagozan jantzetako bat da Larrain Jantzea. Kalejirak, fandangoa, jotak, balsak eta boleroak buztartzen ditu, eta katean edo bikoteka egiten da, zirkulu edegian. Eguzkiaren noranzkoan egiten dabe jantzan parte-hartzaileek, hau da, erlojuaren orratzen kontra.

Aste Nagusiaren atxakian, jantzan egiteko aukera ugari topauko ditue jantzaleek egunotan. Esate baterako, Plaza Barrian bertan, domekara arte, egunero egongo dira euskal jantza tradizionalak (19:00), Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak antolatuta eta egun bakotxean Bizkaiko talde baten ardurapean.

Hartara, gaur, hilak 23, Santutxuko Gaztedikoak izango dira Plaza Barrian; 24an, Castañoseko Salbatzaile taldekoak; 25ean, Bermeoko Alkartasunakoak; 26an, Foruko Urdaibaikoak; 27an, Iurretako Mikel Deunakoak; eta, amaitzeko, domekan, abuztuak 28, Basurtuko Beti Jai Alai talde historikoak gidatuko dau saioa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu