Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideari bultzadea Lea Ibarrean

Bizkaie! 2022-08-22 12:44   Kulturea

Bide historikoa inguruko herrien lurralde-konexinorako elementua izatea nahi dabe.

Agintariak, Ardaoaren eta Arrainaren Lea Artibaiko zatian (argazkiak: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arabako Errioxa eta Bizkaiko kostaldea lotzen dituan bide historikoa da Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea, eta badira urte batzuk oinezko eta txirrindularientzat egokituta dagoala. Bidearen adarretako batek Lea Artibai zeharkatzen dauenez, berau suspertzeko plana egin dabe Eusko Jaurlaritzeak, Lekeitioko Udalak eta Lea Ibarra Mankomunidadean dagozan herriek.

Europatik datozan Next Generation funtsak erabiliko ditue proiektu barria martxan jarteko. EAEko Lurralde Planaren lehentasunezko hamaika helmugen arteko bi dira Lekeitio eta Lea Ibarra, eta funtsen zati bat jagoke. Hortaz, Jaurlaritzeak eta eskualdeko erakundeek erdibana jarriko dabe dirua Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea suspertzeko planerako. Aurrekontua miloe bi eurokoa da.

Bide historikoa inguruko herrien lurralde-konexinorako elementua izatea nahi dabe, Lea ibaiaren ertzeko herriak bata bestearen atzetik zeharkatzen ditualako. Horretarako, Ibilbideari lotutako hainbat barritasun ipiniko ditue martxan, besteak beste, digitalizazinoari, energia eraginkortasunari eta baliabideen berreskurapenari lotuak.

Azken batean, eskualdeko turismoari bultzadea emongo deutsan beste baliabide bat atontzea izango da helburua, baina ez edozein modutan. Balio historikoak oinarri, naturea errespetauko dauen proiektua izan beharko da, paisajearen, ondarearen eta kulturearen balioak agirian jarriko dituana. Bultzatzaileen arabera, Ibilbidea gaurkotu eta baliabide gehiagoz horniduta, Lea Ibarrera eta Lekeitiora doazan turisten egonaldiak aberastu eta luzatuko dira, bertako herrien identidadea eta bizi-kalidadea kaltetu barik.

Proiektu barriaren aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburua, Javier Hurtado, egon da, baita Lekeitioko alkate Koldo Goitia eta Lea Ibarra Mankomunidadeko presidente Arkaitz Goikoetxea be. Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidean bertan egin dabe agerraldia.

Turismoak sasoi eskasak pasau dituan arren, uda honetako datuek susperraldi sendoa agertzen dabela azaldu dau Hurtado sailburuak: Gaur bertan hotelei buruz ezagutu doguzan garagarrileko datuen arabera, turisten sarrerek % 16 igon dabe 2019agaz alderatuta, eta urteko lehenengo zazpi hileetan turismoak % 5,5eko igoerea izan dau. Garrantzitsua da nazinoarteko turismoaren berreskuratzea. Izan be, garagarrilean gure bisitarien ia % 50 nazinoartekoak izan dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu