Japoniari lekua egingo deutso XIII. Nafarroako Komiki Azokeak
2022-08-22 10:48 KultureaBertoko artisten bilduma zabala be ikusi ahal izango da.
Irailaren 2tik urriaren 2ra egingo dabe XIII. Nafarroako Komiki Azokea, Iruñean, Lizarran eta Azagran. Aurten lehenengoz, Japoniako kultureari eta komikigintzeari lekua egingo deutse egitarauan, hainbat jardueraren bidez.
Hiru erakusketa nagusitan ikusi ahal izango dira Japoniako komikigintzearen bilakaerea eta autore esanguratsuak. Manga estiloko Akira argitaratu ebanetik 40 urtera, omenaldia egingo deutse Katsuhiro Otomori, erakusketetako batean. Nafarroako Arte eta Diseinu Eskolako kideek atondu dabe eta hamahiru ikasleren sorkuntzak egongo dira.
Beste erakusketa batean, Odaiba argitaletxeak urteotan plazaratutako komikien lagina ikusi ahal izango dogu. Nafarroakoa da Odaiba, baina manga eta Japoniako komikigintzea dira haren espezialidadeak. Azkenik, shunga estiloa lantzen dauen Mone Sakihara ilustratzaile japoniarraren erakusketea be ipiniko dabe.
Nafarroako Komiki Azokearen arduradun Alberto Rodríguez Andrés eta Javier Pérez de Zabalzak adierazo dabenez, orain arte ez gara kultura japoniarrera hurreratu, badagozalako horretarako ekitaldi espezifikoak, baina antolatzaileok publiko eta estilo barrietara zabaldu nahi izaten dogu beti eta manga eta animea gaur egungo marrazkigintzan saihestu ezineko adierazpideak dira.
Japoniagaz lotutako jarduerez gan, Nafarroako artistei lotutakoak be egongo dira, urtero lez. Javier Minak eta Pedro Osesek 1980ko hamarkadan euskeraz egin zituen komikiak berreskuratu ditue aurtengo hitzordurako, laster Non gogoa izenburupean berrargitaratuko diranak. Secuestro en las Bárdenas komikiari be omenaldia egingo deutse, plazaratu zanetik 30 urtera.
Beste erakusketa batean, Euskal Herriko komikigintzearen ibilbidearen errepasoa egin dabe Kike Infamek eta Mikel Begoñak, Nafarroan euskeraz sortutako obren bidez. Azalak izeneko erakusketea Lizarran ipiniko dabe. Bestetik, Patxi Huarte Zaldieroa-k aldizkari eta egunkarietan plazaratutako biñetak be batuko ditue beste erakusketa batean.
XIII. Nafarroako Komiki Azokako kartela Anabel Colazok egin dau. Hori aprobetxauta, Iruñeko Civivox aretoan Colazoren azken hiru lanetako marrazkien erakusketea dago eta autorea bera Nafarroako uriburuan izango da irailaren 8an, irakurleakaz berba egin eta autografoak sinatzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!