Eraso sexisten kontrako mezu indartsua Bilboko Aste Nagusian
2022-08-19 13:21 Pil-pileanUdalak eta Konparsek bat egin dabe gizarteari erantzunkizuna eskatzeko.
Milaka lagun batuko dira abuztuaren 20tik 28ra Bilbon, 2022ko Aste Nagusiko ospakizunetan, eta jai eremua emakumeentzako zein mundu guztiarentzako espazio segurua izateko asmo sendoa dabe Jai Batzorde Mistokoek. Eraso eta jarrera sexisten kontrako mezu indartsua zabaltzeko asmoz, agerraldia egin dabe Bilboko Udaleko ordezkariek, Juan Mari Aburto alkatea buru, eta Bilboko Konparsetako kideek.
Aurreko edizinoetan lez, Udalak eta Konpartsek sexu-erasoak jazoten diranerako aholkularitza eta jarduera protokoloa adostu dabe, eta uriko eragileek (konparsek, merkatariek eta ostalariek) ipiniko dabe praktikan.
Eraso Sexistak Prebeniduteko eta Sensibilizetako Kanpainea dalakoa be ipini dabe martxan beren-beregi Aste Nagusirako. Indarkeria matxistea prebeniduteko politikak indartuko doguz emakumeentzako jai-eremu inklusibo eta seguruak sortzeko baldintzak bermatzeko, azaldu dau Aburtok. Emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzinoan herritar guztiak inplikau nahi dituela dino.
Arriaga Antzokiaren pareko karpan kanpaineagaz lotutako informazinoa eta materiala emongo dabe, eta bertan dago Maite Jokoa izeneko puntu morea be. Modu ludiko eta dibertigarrian gizarteratu nahi ditue indarkeria matxistearen kontrako jarrerak. Horregaitik, photocall eran apaindu dabe puntua, jenteak argazkiak egin eta sare sozialetan zabaldu deizan, #BakarrikBaiDaBai traolagaz.
Jai eremuan beste lau puntu more be badagoz, kontzertu jentetsuak egiten diran lekuetatik hur: Abandoibarran bi eta Europa parkean beste bi. Informazinoa emoteaz gan, erasoren bat sufridu dauenak bertara jo leike.
Juan Mari Aburtok azpimarratu dauenez, Udalak, Aste Nagusian, herritar guztien esku jarten ditu indarkeria matxisteari aurre egiteko eta salatzeko baliabideak eta tresnak, geroz eta gehiago, eta geroz eta hobeak.
Konparsek be mezu garbia zabaldu dabe: Guztiontzako gune alai, eroso eta segurua da Aste Nagusia. Bildurrak ez dau lekurik gure jaietan, ez dau inoiz izan. Erasotzaile bat be ez da ondoetorria hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!