Historiako egunik jentetsuenak Guggenheimen

Bizkaie! 2022-08-19 12:31   Kulturea

Museoaren ordutegia zabaldu behar izan dabe, bisitari guztiei lekua egiteko.

Museoan sartzeko ilarak (argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Azken asteak jentetsuak izaten dabiz Bilboko Guggenheim Museoan, aurreikusitakoa baino bisitari gehiago joan dira egunotan. Udak berez jentetsuak izaten dira museoan, turismoagaitik, baina aurten errekor historikoak gainditzen hasi da. 

Pasa dan astean, abuztuaren 8tik 14ra bitartekoan, 50.000 lagun baino gehiago egon ziran Guggenheimen, 7.200 lagun eguneko, batez beste. Hau da, museoaren 25 urteko historian egon dan asterik jentetsuena izan zan. Aste hau be errekorrak gainditzeko bidean da, hilaren 18an, eguenean, 8.800 bisitari joan ziralako.

Ezohiko jentetzeari lekua egiteko asmoz, Guggenheimeko arduradunek erabagi dabe ordutegia luzatzea. Izan be, zabalik ordu gehien egoten dan urtaroa da udea, baina ez da nahikoa, antza danez. Horrenbestez, goizez 09:00etan zabalduko dabe museoa, orain arte baino ordubete lehenago. Bariku eta zapatuetan, 21:00etan zarratuko dabe, ordubete geroago.

Abuztuaren 22an sartuko da indarrean ordutegi barria. Irailaren 18ra arte egongo da, egun horretan amaituko dalako Motion. Autos, Art, Architecture erakusketea. Norman Fosterren automobil bilduman oinarrituta, automobilgintzearen, diseinuaren eta artearen arteko loturea agertzen da, eta bisitari ugari erakarten dabil.

Apirilean zabaldu eben erakusketa hori, eta badira egun batzuk miloe erdi bisitarien langea pasau ebala. Seguruenez, Bilboko Guggenheimen historiako erakusketarik bisitatuenen zerrendan sartuko da laster.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu