'Maixabel' hautagai da Europako Zinemearen Sarietan

Bizkaie! 2022-08-19 09:07   Zinemea

Sariak banatzeko ekitaldia Reykjaviken egingo da, abenduan.

Igazko Donostiako Zinemaldian estreinau zanetik, sariak pilotzen dabil Iciar Bollaín zuzendariaren hamaikagarren filma, Maixabel. Hiru Goya, Feroz eta Forqué sariak, Zinemaldiko Irizar Saria eta beste asko irabazi ditu eta aretoetan 500.000 ikusle baino gehiago izan zituan. Orain, aitamen gehiago eskuratzeko modua dau pelikuleak, 35. Europako Zinemearen Sarietako hautagaien artean sartu dalako.

Lehenik eta behin, Europako pelikularik onena izateko izentau leikie. Horrezaz gan, Zuzendaririk Onena (Iciar Bollaín), Gidoirik Onena (Iciar Bollaín-Isa Campo), Gizonezko Aktorerik Onena (Luis Tosar) eta Emakumezko Aktorerik Onena (Blanca Portillo) atalak be badagoz sariketan.

Europako Zinemearen Akademiak 30 film baino ez ditu aukeratu hautagai izan daitezan, kontinentean azkenaldion estreinau diran guztien artean. Irailean beste 10-15 hautagairen tituluak emongo ditue eta holan biribilduko da zerrendea. Zemendian esango dabe pelikula bakotxa ze kategoriatan dan finalista.

Europako Zinemearen Sariak emoteko ekitaldia Islandiako uriburuan, Reykjaviken, egingo da, abenduaren 10ean. Europako Akademiako 4.400 kideek emon leikie irabazleak aukeratzeko botoa.

Maixabel Lasa da Maixabel filmeko protagonistea, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alarguna. Senarraren hiltzaileagaz berba egiteko erabagia hartu eban Lasak, bizikidetzarako eta adiskidetzarako egitasmo baten barruan. Hortaz, aktore profesionalak erabili arren, benetako jazoeren eta personen barri emoten dau pelikuleak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu