Iurretaren lehen aitamenaren 950. urteurrena gogoan

Bizkaie! 2022-08-19 08:25   Kulturea

Abuztuaren 25etik irailaren 7ra jarduera ugari egingo ditue.

Iurretako herriak urteurren garrantzitsua ospatuko dau egunotan, orain dala 950 urte agertu zalako lehenengo aldiz Iurreta izena idatzizko agiri batean (zehatzago, Ihurrieta). Zenbaki biribila gogoan, egitarau zabala atondu dabe Udalak, Gerediaga alkarteak, Anderebide alkarteak eta udalerriko kofradiek, abuztuaren 25ean hasi eta irailaren 7ra arte.

Errioxako San Millango monasterioan gordeta dagoan Becerro Galicano kodizean dago Ihurrieta aitatzen dauen testua. 1072koa da.

Abuztuaren 26a da 950. urteurrenaren egun zehatza. Bezperan, kanpai-hotsek iragarriko ditue ospakizunak eta plakea inaugurauko dabe herriko parrokiaren eleizpean. Kalejirea eta tabernarik tabernako ibilbidea egingo ditue gero.

Urteurrenaren egunean, Ametzako ermitan alkartzeko deia egin dabe, eguerdian mezea egongo dalako eta, ondoren, jazoera historikoen azalpena. Jantzea, musikea, bertsoak eta kopaua be egongo dira.

Abuztuaren 31n, Armando Llamosa Rubiok Ihurrieta 1072 izeneko berbaldia emongo dau Goiuria Kultur Gunean eta irailaren 3an Ihurreta aitatzen dauen kodizea ikusi ahal izango dabe herritarrek. Izan be, San Millanera osterea antolatu dau Udalak, agiria bertatik bertara ikusteko. Ibilaldian parte hartzeko izena emon behar da aurretik (616 49 05 06 zenbakira deituta) eta bakotxak 20 euro pagau.

Irailaren 4an, Iurretan dagozan Erdi Aroko lekuak eta aztarnak ezagutzeko ibilaldia egingo dabe, adituen azalpen eta guzti. Parte-hartzaileak autobusez joango dira leku batetik bestera: Amatza, Goiuria, Arandiako Santa Apolonia eta Iurretako plazea. 23 lagunentzako lekua dago eta izena emon behar da (616 49 05 06).

Azkenik, irailaren 7an, 950. urteurrenaren harira argitaratutako liburua, Ihurrieta 1072, aurkeztuko dabe jentaurrean. Ibarretxe kultur etxean izango da ekitaldia eta Erdi Aroko jatekoen inguruko berbaldia be emongo dau Juan Manuel González Cembellínek. Amaieran, aitatutako jakietako batzuk probau ahal izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu