Bilboko Aste Nagusian dobako 500 jarduera egongo dira

Bizkaie! 2022-08-18 10:48   Kulturea

Erantzunkizunez jokatzeko eskatu dau Itziar Urtasun zinegotziak.

Udaletxean aurkeztu dabe egitaraua (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Abuztuaren 20tik 28ra egingo da 2022ko Bilboko Aste Nagusia eta egitarau ofiziala prest dauka Bilboko Udalak. Dobako 500 jarduera inguru dagoz programauta, edade eta gustu guztietako publikoa asetzeko modukoak. Hiru miloe euro erabili ditu Udalak jaiak antolatzeko, 2019ko edizinoan baino % 20 gehiago, Itziar Urtasun zinegotziak azaldu dauenez.

Zapatuan 19:00etan irakurriko dau pregoia Itziar Lazkano aktoreak eta, ondoren, txupina botako dau Iratxe Palaciosek. Orduan hasiko da bederatzi eguneko zoramena. Aurtengo edizinoak ilusinoa eta alaitasuna ekarriko deutsez bilbotarrei, Itziar Urtasunen arabera, aurreko urte bietan jaiak ospatu barik geratu eta gero.

Jai Batzorde Mistoaren helburu nagusia izan da egitarau inklusibo, irisgarri, bardinzale, kulturarteko eta jasangarria atontzea. Horregaitik, jarduera ugari egokituko ditue ikusteko, entzuteko edo ibilteko ezintasunak daukiezanentzat.

Umeentzako Txikigunea Kasilda Iturrizar parkean egongo da, aurreko urteetan lez, eta 33 ikuskizun eta jarduera hartuko ditu. Gune horretan eta Gas plazan egingo ditue, ganera, kale antzerkiaren alorreko 18 saioak. Hilaren 22tik 27ra, kalerik kale ibiliko da Antzoki Ibiltaria ekimena, egunero hiru pasetan.

Aste Nagusiko hitzordurik jentetsuenetako bat su artifizialak dira. Zazpi konpainia piroteknikok hartuko dabe parte XXX. Bilboko Uria Nazinoarteko Lehiaketan. Aurten sari barri bat sartu dabe palmaresean, Sari Berdea, hondakin gitxien sortzen dituan pirotekniari emongo deutsena. Azken gauean, 27an, lehiaketaz kanpo ikusi ahal izango doguz Arabako Valecea konpainiaren suak.

Kirolak be urtero izaten dau leku zabala Bilboko jaietan. Herri kirolak eta estropadak izango dira lehiaketarik garrantzitsuenak eta ume zein gazteek gozau deien, jarduera ugari egongo dira itsasadarrean eta Arenaleko behin behineko frontoian.

Erraldoiak, buruhandiak, bertsolariak, jantzak, txarangak, gaiteroak, bilbainadak eta abar be ez dira faltako. Jakina, kontzertuak be ugari izango dira, ehun inguru: Europa parkean, Abandoibarran, Plaza Barrian, Euskaldunan eta baita uriko zubietan be.

Talde eta bakarlari ezagunek igongo dabe oholtzara. El Drogas, La Oreja de Van Gogh, Bulego, Ana Mena, ETS eta Pasión Vega dira batzuk. Ganera, Mikel Urdangarinek eta BOSek saio berezia emongo dabe Abandoibarran, hilaren 20an.

Egitarauko ehundazak jarduerak ikusirik eta urte biren ostean jentea gogoz dagoan ezkero, Bilboko Udalak 2019an baino jente gehiago espero dau jaietako bederatzi egunetan, miloe bat lagunetik gora. Horregaitik, danon arteko bizikidetzea eta errespetua behar-beharrezkoak dirala azpimarratu dau Itziar Urtasunek. Erantzunkizunez jokatzeko deia egin dau zinegotziak, eta ilusinoa, ondo pasetea eta erantzunkizuna erdigunean jarri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu