Jasangarritasuna da 2022ko Europako Ondarearen Jardunaldietako gaia

Bizkaie! 2022-08-17 10:16   Kulturea

Bizkaiko Foru Aldundia eskualdeetako eragileakaz batu da urriko egitaraua zehazten hasteko.

Orain dala hamarkada bi hasi zan Bizkaia Ondarearen Nazinoarteko Jardunaldietan parte hartzen, Foru Aldundia koordinatzaile zala. Urrian egiten dira jardunaldiok eta 2022an ondare jasangarria izango da gai nagusia. 

Programazino zabal eta askotarikoa, eskualde guztietara helduko dana, atondu nahi dau Foru Aldundiak. Horretarako, eskualdeetako eragileakaz batzarrak eta topaketak egiten hasi da, besteak beste, ondarea kudeatzen daben alkarteakaz, museoakaz eta udalakaz. Alkarlanean adostuko ditue urriko jarduerak.

Eskualderik eskualdeko aurkezpenak be egin ditu Aldundiak: Markina-Xemein (Lea Artibai eskualderako), Bermeo (Busturialdea), Karrantza (Enkarterri eta Ezkerraldea), Dima (Arratia Nerbioi) eta Durangon (Durangaldea).

Herritar guztiei zabalik egongo diran jardueren bitartez, Bizkaiko historiaren eta nortasunaren zati dan ondarea modu barritzaile eta erakargarrian erakutsiko dabe Ondarearen Jardunaldietan, Foru Aldundiak azaldu dauenez. Ondare jasangarriaren gai nagusiagaz bat, 2022ko leloa be prest daukie: Ondarea loratuz, gozatu!.

Lekuan lekuko eragileakaz egindako batzarretan, Agenda 2030egaz bat datozan erespide eta adierazle barriak be aurkeztu ditue Ondarearen Jardunaldietako arduradunek. Jasangarritasuna ardatz, oraingo beharrak asetzea da kontua, etorkizuneko belaunaldien baliabideak arriskuan jarri barik. Momentu honetan, garapen jasangarriari lotutako 17 helburu dakarz Agenda 2030ek, eta kulturea eta sormena ezinbesteko alorrak dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu