Euskalduna Jauregia prest Bilboko Aste Nagusirako

Bizkaie! 2022-08-17 09:35   Kulturea

The Hole X kabareta eta Aurrera Fest! dagoz egitarauan, besteak beste.

Udako deskantsuaren ostean, Bilboko Euskalduna Jauregira zoramenezko egunak datoz, Aste Nagusiko programazino indartsua hastear dagoalako. Jaietako txupinaren bezperan, abuztuaren 19an, ekingo deutse egitarauari, eta irailera arte proposamen ugari izango ditu publikoak aukeran.

The Hole X kabaret erako ikuskizuna izango da Euskaldunara heltzen lehenengoa, 19an bertan. Hamar urte bete ditu The Hole kabaretak, eta hori ospatzeko bira berezia egiten dabiz, ikuskizunaren bersino barria erakusteko. Kabaretagaz batera, zirkua, umorea, antzerkia eta musikea dakarz The Hole X-k, Alex O'Dogherty, Canco Rodríguez, Eva Isanta, Víctor Palmero eta Edgar López artista nagusi dirala. Irailaren 11ra arte egongo da Bilbon.

Irailaren 20an, Aste Nagusia hasteagaz bat, estreinaldi bi izango dira Euskaldunan. Batetik, Escape room umorezko antzezlana, Antonio Molero, Marina San José, Leo Rivera eta Mónica Pérez aktoreen eskutik. Bestetik, Mentiras, boleros y vídeos caseros obran, Gurutze Beitia, Karmele Larrinaga eta Txema Trujillo dira aktore nagusiak.

Bizkaiko Foru Aldundiak bertoko artistei bultzadea eta oholtzara igoteko aukerea emoteko asmoz sortutako Aurrera Fest! Aste Nagusiaren bueltan egingo da aurten, Euskaldunan bertan. Era askotako zuzeneko ikuskizunak programau ditue, danetara 14 saio. Musikea, jantzea, magia, antzerkia eta ipuin kontalariak dagoz aukeran.

Azkenik, ezin da ahaztu Euskaldunak aurtengo Aste Nagusian dakarren nobedadea, zazpigarren solairuko Roof Euskalduna Terraza gune barria. Eraikinaren goi-goian, ikuspegi ederraz gozau ahal izango dau publikoak, zuzeneko musikeak eta DJek alaitutako giroan. Su artifizialak be ikusi ahal izango dira handik, ze egunero egongo da terrazea zabalik 18:00etatik goizaldeko 02:00ak arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu