'Apaiz kartzela' filma saritu dabe Katalunian
2022-08-16 07:57 ZinemeaCerdanyako jaialdiko Publikoaren eta Memoriaren ataletan irabazi dau.
Francoren diktadurearen azken urteetan Zamorako kartzelan preso egon ziran euskal abadeen inguruko filma da Apaiz kartzela, David Pallarés, Ritxi Lizartza eta Oier Aranzabal zuzendariek egina, 2021ean. Publikoaren onespena ez eze, aitamen eta sari ugari batu ditu hileotan, eta, oraingoan, Katalunian egin deutse autortzea.
Abuztuaren 1etik 14ra egin dabe Cerdanya Film Festival jaialdia Katalunian, eta Apaiz kartzela aukeratutako pelikuletako bat izan da. Ganera, sari bi irabazi ditu: batetik, Publikoaren Saria dokumentalik onenari; bestetik, Memoria Saria, memoria historikoa lantzeko egindako ahaleginagaitik.
Jaialdian bertan izan dira Ritxi Lizartza zuzendaria eta filmeko protagonistetako bat, Eduard Fornés. Eurak arduratu dira, beraz, sariak hartzeaz, dokumentaleko lantalde osoaren izenean.
XIII. Cerdanya Film Festival Kataluniako zinemagintzearen topaleku izan da abuztuaren lehenengo hamabostaldian, baita kanpoko beste proiektu interesgarri askoren erakusleku be, esate baterako, Apaiz kartzela. Proiekzinoetan eta ganerako ekitaldietan, 5.000 ikusle inguru batu dirala azaldu dabe antolatzaileek. Puigcerdà urian izan da sariak emoteko galea eta film luzerik onenaren sari nagusia Carla Simónen Alcarràs-ek irabazi dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!