Marijaiagaz egindako argazkiak zabaltzeko deia
2022-08-16 10:03 Pil-pileanSare sozialetan #HatorMarijaia traola erabilteko eskatu dau Bilboko Udalak.
2022ko Aste Nagusiaren aurreko azken egunak girotzeari ekin deutso Bilboko Udalak, abuztuaren 20an hasiko dalako jaia, urte biko etenaren ostean. Marijaia da Aste Nagusiko personaia enblematikoena, eta sare sozialetan haren argazkiak zabaltzeko deia egin dau Udalak.
Aste Nagusiaren aurreko edizinoetako artxibotik berreskuratutakoak zein hurrengo egunotan egindakoak, argazki guztiek balio dabe, kontua da herritarrek Marijaiagaz egindako argazkiak mundu guztiagaz konpartidutea. Sare sozialetan irudiok errazago topau eta batzeko, #HatorMarijaia traola erabilteko eskatu dau Udalak.
Bilboko jaiak sare sozialen eta teknologia barrien bidez zabaltzeko ahaleginaren parte da Marijaiaren argazkien erronkea. Udalaren kontuek Aste Nagusiaren jarraipen zehatza egingo dabe sare sozial ugaritan (Twitter, Instagram...). Era berean, eskuko telefonoetako aplikazinoan informazino eguneratu eta zehatza emoten da: egitaraua, jarduerak norberaren gustuen arabera sailkatzeko modua, mapa, komunen kokalekuak...
Beste alde batetik, Bilboko Udalak aurreratu dau hurrengo egunetan Aste Nagusiaren inguruko galdetegiak egingo dituala herritarren artean, sare sozialak erabiliz. Jaietako personaia gogokoenari, lekuei, ekitaldiei, konparsei, kanta bati… buruzko galderak izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!