EHU munduko 400 unibersidade onenen artean dago

Bizkaie! 2022-08-16 08:51   Pil-pilean

Shanghaiko rankingean lehendik izan dauen lekuari eutsi deutso.

EHUren eraikin bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Nazinoarteko unibersidadeen sailkapenen artean entzutetsuena da Shanghaiko Jiao Tong unibersidadeak egiten dauena, Shanghaiko rankinga dalakoa. Oraingoan be, EHUk zerrendan sartzea lortu dau, 400 onenen artean hain zuzen.

Hamar urte daroaz Shanghaiko rankingean agertzen EAEko unibersidade publikoak. Lehenengo aldietan, 500 onenen moltsoan sartu zan, baina azkenaldion 400 onenen artean ibili da. Hain zuzen be, oraingo honetan, 301 eta 400. postuen arteko tartean egon da EHU, rankingak ehuneko moltsoetan emoten dauelako zerrendea, gehiago zehaztu barik.

Unibersidadeek egiten daben ikerlanaren eragina eta zabalkundea hartzen ditue kontuan zerrendea egiteko orduan, baita nazinoarteko prestigioa be. Mundu osoan goi mailako 20.000 ikastegi inguru dagoz, eta Shanghaiko rankingak 1.200 inguru aztertzen ditu.

Espezialidadeen araberako sailkapenak be egiten ditue, eta hor be leku nabarmenak lortu ditu EHUk. Munduko 150 onenen artean ditu hiru espezialidade: Injinerutza Metalurgikoa, Injinerutza Kimikoa, eta Kimikea. Beste lau, 200 onenen artean dagoz: Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Materialen Zientzia eta Injinerutzea, Nanozientzia eta Nanoteknologia, eta Matematikea.

Eva Ferreira errektorearen esanetan, ikusgarritasun handiagoa eta ospe bikaina emoten ditu Shanghaiko rankingak. Zoriontsu egoteko modukoa da lorpena, bai, oraintsu jakinarazo genduanez, zazpi espezialidade doguzalako munduko lehen 200 unibersidadeen artean. Gure unibersidadeko kide guztiak zoriondu nahi dodaz, proiektu kolektiboa dalako eta lorpenak guztionak diralako.

Shanghaiko rankingeko buruan Estadu Batuetako unibersidadeak dagoz. Lehenengo hamarren artean, zortzi dira herrialde horretakoak, tartean lehenengo hirurak: Harvard, Stanford eta MIT.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu