Murrizketa barik egingo ditue hilaren 15eko ekitaldiak Begoñan
2022-08-12 12:55 Pil-pileanAlkatearen aurreskua, txistulariak eta mezak egongo dira.
Abuztuaren 15a, Ama Birjinearen Eguna, aspalditik gogoratzen da Begoñako basilikan. Agintariak zein herritar ugari erakarten dituan ohiturazko ospakizuna da, Begoñako Amaren eguna, berez, urrian dan arren. Aurreko urte bietako egitarauan, normalean baino ekitaldi gitxiago eta aforo mugatuak egon ziran, baina aurten betiko itxurea hartuko dabe basilikeak eta inguruak. Erakundeek ez dabe murrizketarik agindu.
Bilbotik ez eze, Bizkaiko herri askotatik ohiturea da abuztuaren 15ean Begoñako basilikara joatea. Leku batzuetatik Begoñaraino gaueko oinezko ibilaldia egiteko ohiturea be badago. Goizean goiz hasita, mezak, salmentarako postuak eta ekitaldi instituzionalak egoten dira Begoñan.
Bilboko Udalak aurreratu dauenez, udalbatzako ordezkari ugari joango dira astelehenean ospakizunetara, Juan Mari Aburto alkatea buru. 11:30ak aldean helduko dira, 12:00etan meza nagusia dago eta.
Ohitureak agintzen dauen lez, Begoñako Amaren omenezko aurreskua jantzatuko dau Aburto alkateak. Udal Txistulari Bandeak Gernikako arbola kantua interpretauko dau.
Bilboko Gotzaitegiak jakitera emon dauenez, goizaldeko 04:00retan hasiko dira mezak astelehenean. Iluntzeko 21:00ak arte, gitxi gorabehera orduro egongo dira mezak. Eguerdiko meza nagusia Joseba Segura gotzainak gidatuko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!