Abuztuaren 17tik 20ra egingo dabe IV. Nafarroa International Film Festival

Bizkaie! 2022-08-12 12:25   Zinemea

55 film proiektauko ditue, gehienak formatu laburrekoak.

Iruñean aurkeztu dabe jaialdia (argazkia: NIFF) | Ikusi handiago | Argazki originala

Iruñeko hainbat lekutan egingo dabe IV. NIFF, Nafarroa International Film Festival, abuztuaren 17tik 20ra. Lehiaketan 55 pelikulak hartuko dabe parte, horreetatik 45 film laburrak, bederatzi luzeak eta iraupen ertaineko bakar bat.

Sari nagusiaz gan, bardintasunaren aldeko CIMA Saria emongo dau NIFFek, Ikus-entzunezkoetan dabizan emakumeen alkarteagaz (CIMA) egindako akordioari esker. Helburua da jaialdiko egitarauan emakume zuzendarien lan gehiago erakustea, halakoetan gizonak nagusi izaten diralako.

Bardintasunaren eta feminismoaren balioak sustatzeko ahalegina egingo dabela azaldu dau Joaquín Calderón NIFFeko zuzendariak, laugarren edizinoa aurkezteko Iruñean egindako agerraldian. Horrezaz gan, jasangarritasuna eta digitalizazinoa be lehentasunezko alorrak dira festibaleko arduradunentzat.

Kontuak kontu, Juan San Martin nafarrak zuzendutako Ainarak film luzeak zabalduko dau jaialdia aurten, hilaren 17an. Nafarroatik Maulera espartinak egiteko lantegietara joaten ziran emakumeen istorioa kontetan dau dokumentalak. Gehienak Zaraitzu eta Erronkarikoak ziran eta Pirinioak zeharkatu behar zituen Maulera heltzeko.

Proiekzino gehienak Nafarroako Antzerki Eskolearen egoitzan egingo ditue. Kondestablearen jauregian eta Iruñeko katedralean be egongo dira saioak. Ikusi egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu