Sempé marrazkilaria hil da

Bizkaie! 2022-08-12 10:21   Kulturea

Nikolas Txiki personaje ospetsua berak sortua da.

Jean-Jacques Sempé, 2016an (argazkia: Olivier Meyer/Wikipedia, CC-BY-SA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Belaunaldi askoren umezaroko gomuta gozoen artean dagoz Nikolas Txikiren abenturak, istorio sinple baina zorrotzen protagonistea dalako ume bihurri hori, baita gizartearen zein helduen munduaren kritikea egiteko bitartekoa be. Nikolas Txiki sortu eban marrazkilaria, Jean-Jacques Sempé frantsesa, 89 urtegaz hil da, oporretako etxean egoala, haren hurrekoek zabaldu dabenez.

René Goscinnygaz batera sortu eban Nikolas Txiki Sempék, 1959an, Le Petit Nicolas jatorrizkoan. Goscinnyren istorioak marrazki sinple baina adierazgarriz janzten zituan Sempék, eta alkarlan horren emoitzea izan ziran Nikolas Txikiren makina bat liburu. Hizkuntza ugaritara itzulita dagoz, baita euskerara be. 1990ko hamarkadatik argitaratu izan dira Nikolas Txikiren abenturak euskeraz.

Jean-Jacques Sempék mundu zabaleko ospea Nikolas Txikiri esker eskuratu eban arren, beste proiektu ugaritan be ibili zan. Egunkari ugaritan umorezko tirak eta istorioak argitaratu zituan luzaroan, adibidez, Sud-Ouest-en, Ipar Euskal Herrian gehien irakurten dan egunkarian. Izan be, Bordeletik hur jaio zan Sempé.

Frantzia osoko aldizkari eta egunkarietan be lan egin eban, esate baterako, Le Figaro, Le Nouvel Observateur eta Paris Match. Nazinoarteko aldizkari batzuek be lekua egin eutsen (New Yorker-eko azal asko bereak dira) eta album ilustradu ugari plazaratu zituan. 2014an, euro txanpon berezi baten diseinua be egin eban, enkarguz.

Sari ugari irabazi zituan Sempék: Bordeleko literatur saria (1987), Alphonse-Allais saria (2003) eta Alemaniako e.o.plauen (2008). Arteen eta Letren Ordenako ohorezko kidea zan. XX. mendeko marrazkigile handien belaunaldiko azkenetako bat zan Sempé eta sortzaile ugarik goraipatu dabe haren lana heriotzearen barri jakin dabenean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu