Bilboko txosnak bueltan dira
2022-08-12 09:28 KultureaMuntaiari ekin deutse konparsetako kideek.
Abuztuaren 20an hasiko da Bilboko Aste Nagusia eta ordurako dana prest egon behar danez, Bilboko Konparsak txosnak ipinten hasi dira dagoeneko. Jai eremuaren zati handi bat hartuko dabe txosnek, urte biko etenaren ostean. Muntaiaren barri emoteko, Konparsetako arduradunek agerraldia egin dabe Arriaga plazan.
Konparsen bozeroale Nerea De las Heras eta Julen Larreak azaldu dabenez, gogotsu eta indartsu bueltau gara geure kaleak aldamioz eta kolorez barriro beteteko. Kalea barriro hartzea, pandemiak ekarritako abuztu gris eta graziarik bako biak pasau eta gero, zentzun komunitario eta sozial indartsudun momentua dala dinoe.
Txosnen muntaia momentu magiko bat da, konparsako persona bakotxak bere izakerea aldatzeko unea, uniformea kendu eta mailua hartzeko, entxufe bat aldatzen be ez jakin arren. Talde-lana, autogestinoa, alkartasuna eta salaketea buztartzen ditu prozesuak, Konparsen arabera.
Egunetako lana izango da txosnen egiturak jartea, apaintzea eta zerbitzua emoteko prest ixtea. Baina ahalegin horri esker, Aste Nagusiaz barriro gozau ahal izango dabe konparsakideek eta herritarrek. Konparsena jai-ereduaren muina da, alkarlan handia eta magikoa, eta txosnek askotariko etxez osoturiko bederatzi eguneko herrixka bizia osotzen dabe jai-esparruan.
Horrenbestez, bilbotar eta bisitari guztiak animau ditue txosnetatik osterea egiteko, abuztuaren 20tik 28ra. Konparsen federazinoan dagozan 28 konparsetako mila lagun inguru ibiliko dira, modu boluntarioan, txosnetan zerbitzua emoten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!