Erraldoi eta buruhandiak kalerik kale ibiliko dira Bilboko Aste Nagusian
2022-08-11 13:32 KultureaEgunero ibilbide desbardina egingo dabe, baina beti Euskal Museoan hasi eta amaituta.
Bilboko Aste Nagusiko personaje maitatuenetakoak dira erraldoi eta buruhandiak. Horregaitik, aurten be kalerik kale ibiliko dira, ume eta helduen gozamenerako, Alde Zaharrean, Atxurin eta Abando aldean. Abuztuaren 21etik 28ra, egunero urtengo dabe 11:00etan Euskal Museotik, eta leku berean amaituko da kalejirea.
Egun bakotxean, baina, ibilbide desbardina egingo dabe erraldoi eta buruhandiek, Udalak azaldu dauenez. Bilbao Aste Nagusia 2022 aplikazinoaren bidez, herritarrek modu erraz eta bizkorrean jakin ahal izango dabe momentu bakotxean non dagoan kalejirea eta zein dan eguneko ibilbidea. Android zein iOS sistemadun gailu mobikorretarako da dobako aplikazinoa.
Hilaren 28ko kalejirea izango da bereziena, egun horretan Euskal Herriko beste erraldoi eta buruhandi ugarik bat egingo dabelako Bilbokoakaz. Bizkaiko Gaiteroek girotuko dabe kalerik kaleko bidea. Egun horretan, Euskal Museoan barik, Plaza Biribilean hasiko da, 10:30ean.
Lau metro baino gehiagoko erraldoiak dira Bilbokoak. Aurten, kalerik kale ibiliko dira Pitxitxi eta Lina, Isabel II.a eta Zumalakarregi, baserritarrak, Terentzio jauna eta Tomasa andrea. Buruhandien artean dagoz Erdi Aroko gizon-emakumeak, diakonoa eta bere mezalagunak, baserritarra, ikazkina, Athletic Clubeko Lehoia eta Don Celes.
Ganera, Bilboko Erraldoiak erakusketea zabalik dago egunotan, Mariaren Bihotzaren Aztarnategian (Mirasol kondearen kaleko 2. zenbakitik sartu behar da). Beste urte batzuetan Euskal Museoan ipini izan dabe erakusketea, baina aurten obrak dirala eta, kokapena aldatu behar izan dau Udalak.
Euskal folklorearen parte garrantzitsua diran erraldoi eta buruhandien historiaren barri emoten dau erakusketeak, 1980ko belaunaldiko hamar erraldoi eta 1988ko beste sei erakusteaz gan. Urian berrogei urte baino gehiago daroen personaje ospetsuon testuinguru historikoa hobeto azaltzeko, informazino-panelak be ipini ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!