Txirrindularientzako informazinoa ipiniko dabe Bizkaiko mendateetan

Bizkaie! 2022-08-11 12:48   Kirola

Igoera bakotxaren datu nagusiak emongo dira seinaleen bidez.

Urkiola mendatea | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak seinale bereziak ipiniko ditu bere eskumeneko errepide sarean dagozan mendateen hasierako puntuetan, txirrindularientzat balio handikoa dan informazino zehatza emoteko. Igoera bakotxaren luzerea, garaierea, desnibela eta gehienezko aldatzak ezagutu ahal izango ditue txirrindulariek begi kolpe bakar batean.

Era berean, txirrindularien eta autoen arteko bizikidetzea hobetzeko jarraibideak be emongo ditu Foru Aldundiak errepideko seinaleen bidez. Adibidez, txirrindulariak aurreratzeko orduan segurtasun distantzia gordeteko eskatuko deutsie gidariei.

Horren guztiaren osogarri, 2023ko Tourrean profesionalek igongo dituen mendateak beren-beregi adierazoko dira. Etapa bi pasauko dira datorren urtean Bizkaitik.

Bizkaiko foru errepideen sarean 47 mendate dagoz. Horreen guztien beheko partean egongo dira seinaleak, kasu batzuetan mendateen isurialde bietan. Gorengo puntuan be ipiniko dabe informazinoa.

2023an hasiko dira seinaleok ipinten, Bizkaiko Foru Aldundiak aurreratu dauenez. Erraz identifiketako, kolore gorrikoak izango dira, Tourrean igongo diranak izan ezik, horreek horiak izango dira. Unbe, San Pelaio, Aretxabalagana, Vivero, Trabakua eta Milloi dira Tourreko igoerak.

Bizkaiko errepideetako ganerako mendateak honeek dira: Andraka, Avellaneda, Bizkaiko Begiratokia, Barazar, Bezi, Bikotx-gane, Dima, Gerekiz, Goiuria, Gontzugaraigane, Humaran, Jata, La Escrita, Las Muñecas, Lekoitzgane, Muniketagane, Nabarniz, Paresi, Errigoiti, San Kosme, Sarasola, Sollube, Ubal eta Urkiola.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu