1912ko hondamendia gogoratuko dabe Bermeon abuztuaren 12an
2022-08-10 10:24 Pil-pileanLora-eskaintzea eta prozesinoa egongo dira, besteak beste.
Euskal kostaldeko herrietan sekula ahaztuko ez daben galernea izan zan 1912ko abuztuaren 12koa, itsasontzi ugari txikitu eta 143 arrantzale hil zitualako. Bermeon beste inon baino gehiago gogoratzen dabe hondamendia, hildako gehienak (116) hangoak ziralako. Urtero lez, aurten be urteurrena gogoratzeko ekitaldiak egingo ditue hilaren 12an, barikua, Galerna Taldeak antolatuta, Udalaren laguntasunagaz.
Galernea XX. mendeko lan istripurik handiena izan zan gure mugetan eta, hori dala eta, 110 urte beteten diranean, Bermeoko herriak arrantzale hareei guztiei eta euren bizia aurrera atera behar izan eben familiei omenaldi txiki bat egingo deutse, azaldu dau Udalak ohar baten bidez.
Portuan egingo ditue ekitaldi nagusiak. 21:00ak bueltan, prozesinoa egingo dabe Olatu moilan, Kankinkabara txistulari taldeak lagunduta. Serrats enpreseak banatutako kandelakaz argituko dabe portu ingurua, eta itsasontziek prozesino isila egingo dabe uretan, 21:30ean. Lora eskaintzea be egongo da.
Ekitaldi hunkigarria izango dala dino Udalak. Parte hartzera konbidau dau jente guztia Alazne Zumeta zinegotziak, gure arrantzaleak, gure historiaren momentu garrantzitsua eta itsasoagaz dogun loturea gogoratzeko.
Bermeoko Arrantzaleen Museoak be 1912ko galernea gomutan hartuko dau barikuan. Sartzea doban izango da, hauxe da egun horretako ordutegia: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Ganera, Galerna, ekaitz ezezaguna filma proiektauko dabe Arrantzaleen Museoan bertan; euskeraz, 12:00etan eta gaztelaniaz, 17:30ean. Jabi Elortegik 2012an zuzendutako pelikuleak, hain zuzen be, 1912ko tragedia kontetan dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!