Hizkuntzea indartzeko miloe bi euro erabiliko ditu Jaurlaritzeak

Bizkaie! 2022-08-10 09:19   Kulturea

EAEko hizkuntza ofizialak ez dakiezen ikasle etorri barriei laguntzeko izango da.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak miloe bi euroko inbersinoa egitea onartu dau irakaskuntzan hizkuntzearen ezagutzea indartzeko 2022-23 kursoan. EAEko hizkuntza ofizialak jakin barik sartzen dira ikasle batzuk hezkuntza sisteman, kanpotik etorri barri diralako, eta horreei arreta eta baliabide bereziak emoteko erabiliko da dirua: irakasle gehiago kontratau zein plangintzak martxan jarteko.

Sare kontzertaduko zentroetara bideratuko da diru guztia ze, Jaurlaritzeak azaldu dauenez, sare publikoan era horretako baliabideak behar dituenei zuzenean laguntzen deutse Hezkuntza Sailak, beharrizanak sortu ahala. Lehen edo Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak dira laguntzinoaren jomugea.

Laguntzinoa eskatzeko, honako datuok jakinarazo beharko ditue interesa daben zentroek: hizkuntza-errefortzuko programearen deskribapena; programa horretan parte hartuko daben irakasle espezializaduak eta dedikazinoaren ehunekoa; parte hartuko daben ikasleen kopurua; eta programazino didaktikoa, jarduerak zein ebaluazino-erespideak barne.

2021-2022 ikasturtean, Hezkuntza Sailak itunpeko 114 ikastetxeri emon eutsen laguntzinoa programearen bidez, eta 1.500 ikasle baino gehiago izan ziran onuradun. Era berean, sare publikoan, Hezkuntza Sailak hizkuntzea indartzeko irakasleen 204 jardunaldi oso bete zituan 285 ikastetxetan, eta 2.700 ikasle izan ziran zuzeneko onuradun.

Bestalde, Gobernu Kontseiluaren bilera horretan bertan, beste agindu bat onartu da, 2022-2023 ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak emoten dituen itunpeko ikastetxe pribaduetan atzerriko hizkuntza-errefortzu ikastaroak diruz laguntzearen ingurukoa. 100.000 euroko partidea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu