Satira politikoa Bilboko Campos Antzokian, Aste Nagusiari ekiteko

Bizkaie! 2022-08-09 13:29   Kulturea

Abuztuaren 19tik 23ra, Tarán-tran Transición antzezlana ikusi ahal izango da.

Bilboko Aste Nagusian ohikoa izaten da uriko antzokiek programazino indartsua eskaintzea, eta Campos Eliseos Antzokiak be halan egin dau. 2022ko jaietako karteldegia zabaltzeko, La Pacheca Collective talde bizkaitarraren Tarán-tran Transición obrea programau dabe, Espainiako Transizinoa izena emon jakon sasoian oinarritutako satira politikoa.

Kritika politiko garratza dakar antzezlanak, La Pacheca Collectivekoen ustez Transizinoa ez zalako batzuek dinoen moduan eredugarria izan, historiako heroi politikoei koloreak ateratzea da asmoa. Hemen ez dago kroniketan agertzen dan ikuspegi kosmetikoa, gogoratu nahi dogu, sasoi haretan, tragikoa eta erridikulua eskutik helduta joiazala sarri. Telebistan, Raffaella Carrà eta Zoom balleta; kalean, grisak hiltera tiro egiten.

Transizinoaren sasoiko, hau da, 1970eko hamarkadearen amaierako eta 1980koaren hasierako, urteetako erreferentzia kultural eta politikoak barra-barra sartu ditue antzezlanean. Euskal Herriko jazoerek dabe pisurik handiena, esate baterako, Yolanda Gonzalezen hilketea, altzamendu feministea, Gasteizko Martiaren 3a...

Bost emonaldi egingo ditu Tarán-tran Transición obreak Campos Antzokiko Kupula aretoan, hilaren 19tik 23ra egunero bat. Saio guztiak 19:30ean hasiko dira. Sarrerak salgai dagoz txarteldegian eta sarean, 16 euroan.

La Pacheca Collective taldearen arimea Bea Insa aktore eta zuzendaria eta Ángel Mirou gidoilaria dira. Errealidadeari modu zorrotz eta satirikoan begiratzea da euren ezaugarria. Ganera, Tarán-tran Transición obrea sortzeko, euren gomutak eta lekukoen kontakizunak erabili ditue. Memoria historikoaren inguruko bigarren obrea dabe, 2020ko Contado por ellas-en ostean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu