'Motion. Autos, Art, Architecture' miloe erdi lagunek ikusi dabe dagoeneko

Bizkaie! 2022-08-08 13:30   Kulturea

Irailaren 18ra arte egongo da erakusketea Guggenheim Museoan.

Ikusmina eragin dau Bilboko Guggenheim Museoko Motion. Autos, Art, Architecture erakusketeak, izan be, proposamen barritzailea eta elementu ikusgarriak buztartzen ditu, Norman Foster arkitektoaren automobil bilduman oinarrituta. Automobilgintzearen bilakaerearen eta mugarri izan diran diseinuen errepaso zabala egiten da autoen eta bestelako objektu artistikoen bidez, eta arteagaz zein arkitektureagaz lotzen dira pieza guztiak.

Pandemia aurreko urteetatik ikusi bako datuak batu ditu erakusketeak, Guggenheim Museoko arduradunek azaldu dabenez. Apirilean zabaldu eben Motion. Autos, Art, Architecture, eta atzo, domekea, heldu zan miloe erdi bisitariren mugara. Erakusketeak eragindako interesari esker, historiako jentetsuenetan bigarrena izan dau aurtengo garagarrila museoak.

Irailaren 18ra arte egongo da erakusketea museoko bigarren solairuan, hortaz, bisitarien zenbakia gehiago potolotuko da.

Ganera, museoko arduradunek gomutau eragin dabenez, goi mailako beste erakusketa batzuk be ikusgai dagoz hileotan Guggenheimen. Batetik, Jean Dubuffet: ospakizun bizia izenekoa aitagarria da, urteko erakusketa handietako bat dalako Bilbon. Bestetik, Serra/Seurat. Marrazkiak XX. mendeko artista esanguratsu bi aurrez aurre jarten dituan erakusketea da.

Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak be ikusgai dagoz eta, ikus-entzunezkoei jagokenez, The Otolith Group-en O Horizontea instalazinoa ikusi leiteke Film&Video aretoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu