Umeak gogoan izan ditue Bilboko Konparsen egitarauan

Bizkaie! 2022-08-05 12:22   Pil-pilean

Abuztuaren 20an hasita, 533 jarduera egongo dira aukeran.

Konparsetako kideak, Plaza Barrian (argazkia: Bilboko Konparsak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Konparsek 2022ko Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dabe Plaza Barrian egindako ekitaldian. Urte biko etenaren ostean, poza berreskuratzeko unea dala adierazo dau erakundeko kide Idoia Ugaldek, Aste Nagusia konparsakide moduan bizitzeak emoten deusku poza, eta edonori emon ahal deutso, konparsok betidanik ateak edegita doguzalako. Abuztuaren 20tik 28ra, 533 jarduera antolatuko ditue.

Ume eta gaztetxuentzako aproposak izango dira 160 ekitaldi, aurten sekula baino gehiago izan dituelako umeak gogoan egitaraua egiteko orduan. Umeek eta nerabeek eremu piloa galdu dabe azken urteotan, plazetan, kaleetan, parkeetan, ikastetxeetan eta abarretan, alkarregaz olgetan ibilteak emoten dituan konfiantza, partaidetza eta kolektibotasuna higatu eta kamusteraino, dino Ugaldek.

Konparsek umeentzat atondutako jardueren zerrendea hemen irakurri leiteke. Ganera, Gargantua, Karpatxo eta Mekanitxin pertsonaiak be ez dira faltako. Arriaga plazan ipiniko dabe Gargantua, eta beste biak patinetean ibiliko dira umeak jardueretan parte hartzera animetan.

Goitibehera tailerra, zapien serigrafia, sortu zure txosna lantegia, umeen kalejirea, uretako olgetak... Ume eta gaztetxuek non aukeratua izango dabe. Helduentzat be eskaintza zabala dakarre Konparsek, betiko erespideetan oinarrituta: kalidadea, dobakotasuna, parte-hartzea eta gustu guztiak asetzea.

Nobedadeen artean, aitatzekoa da goitibehera txapelketea Euskal Inertzia Koparako puntuagarria izango dala lehenengoz. Jaietako lehenengo domekan egingo dabe, Zabalbideko aldatzean. Urteroko hitzorduak be ez dira faltako, esate baterako, lehiaketak, kirola eta makina bat kontzertu.

Laster telefonoetarako aplikazinoa plazaratuko dabe, egitarau osoa erraz-erraz begiratzeko. Bestela, PDF formatuko lotura honetan be irakurri leiteke egunez eguneko programea. Bilboko Konparsak federazinoko kide diran eta txosnea ipiniko daben 28 konparsen kokapena eta ezaugarriak be badakarz dokumentu horrek.

Urte biko etenaren ostean barriro Aste Nagusia egitea pozgarria bada be, Konparsek gogora ekarri dabe normaltasunera bueltea ez dala alor guztietan positiboa izan, pandemiaren ostean prekariedadea, pribatizazinoak eta etsipena areagotu diralako. Hortaz, egoerea iraultzen eta hobetzen ahaleginduko dirala agindu dabe Bilboko Konparsek.

Badira Bilbon, abuztuan, bederatzi egun berezi, uria oso bestelakoa izan daitekeela gogorarazoten deuskuenak, gozamenez, askatasunez eta alkartasunez. Jai esparruan ez dogu onartuko ezelako  erasorik: xenofobia, arrazakeria, LGTBIQ+fobia, matxismoa”.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu