Musikea, antzerkia eta jantzea, Pozalagua kobako jaialdian
2022-08-05 08:25 KultureaNaturaz inguratuta egingo ditue saioak, barikuan eta zapatuan.
Nekez topauko dogu Bizkaian Pozalaguakoa baino ingurune bereziagorik jaialdi kultural bat egiteko. Uda guztietako hitzordua bueltan da Karrantzako inguru haretara, oraingoan antzerkia, jantzea eta musikea buztartuko dituan egitarauari esker. Gaur eta bihar, abuztuak 5 eta 6, egingo dabe, kobazuloaren albo-alboko hormetan egindako anfiteatroan.
Karrantzako Udalak eta Enkartur-ek antolatzen dabe Pozalaguako jaialdia, eta ikuskizun guztiak dobakoak dira. Gaur, barikua, Jamming Show izeneko saioa ikusi ahal izango da, mundu osoan arrakasta handia izan dauen bat-bateko antzerkia. 20:30ean hasiko da.
Gaur bertan, Afrikako jantzen emonaldia be egongo da, 22:30ean. Uganda Sticks eta Ruandako Tanborrak izango dira oholtzan.
Zapatuan, ostera, Michael Jackson pop-aren erregearen gomutazko ikuskizuna helduko da Pozalaguara, Michael Legend. Jacksonen kantu ezagunez gozau ahal izango dau publikoak, 22:30ean hasita. Aurretik, 20:30ean, Mubajito taldearen kontzertua egongo da.
Pozalaguako kobazuloa, Karrantzako mendi karstikoen bihotzean kokatua, Bizkaiko ingurune natural baliotsuenetako bat da. Armañon parke naturalean dagoanez, ingurune babestua da. Sasoi batean, Donosa harrobia egon zan martxan kobazuloaren sarrera nagusiaren albo-alboan, eta hori aprobetxau dabe harrizko anfiteatroa atontzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!