Erriberriko Antzerki Jaialdira 4.700 ikusle joan dira

Bizkaie! 2022-08-04 10:10   Kulturea

Zuzendari artistikoek balantze positiboa egin dabe.

Aurtengo egitarauko antzezlanetako bat (argazkia: Erriberriko Antzerki Jaialdia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Barritasun ugari izan ditu Erriberriko Antzerki Jaialdiak aurten. Batetik, zuzendari artistiko barriak hasi dira lanean, Ane Pikaza eta Maria Goirizelaia bilbotarrak; bestetik, aurreko urte bietan egon diran murrizketen aldean, aretoen edukierea guztiz bete ahal izan da, Covid-19ari aurre egiteko arauak arindu diralako. Esate baterako, La Cava aretoan 400 ikuslerentzako lekua egon da saio bakotxean.

Garagarrilaren 31n amaitu zan nobedadez betetako edizino hau, eta, antolatzaileek azaldu dabenez, gogoz erantzun dau publikoak. Danetara, 4.720 lagun joan dira ikuskizunetara, eta saio askotan sarrerak agortu dira.

La Cava aretoaren sarreran ipinitako QR kodeei esker, ikusleek eretxia emon ahal izan dabe. Nota ona edo oso ona emon deutse ikuskizunei inkestetan parte hartu dabenen % 90 inguruk. Danek adierazo dabe hurrengo edizinoetan bueltetako gogoa.

Ane Pikazak eta Maria Goirizelaiak balantze positiboa egin dabe: Jaialdiak Erriberriko kaleak hartu ditu barriro, begirada fresko eta konprometiduz, eta publikoak erantzun egin dau, ekitaldietan parte hartuz eta erakutsiz arterako, gogoetarako eta gozamenerako espazioak konpartiduten segidu behar dogula.

Danetariko genero eta gaiak landu ditue aurtengo egitarau oparoan (38 emonaldi, 22 obra), baina Pikazak eta Goirizelaiak azaldu dabenez, leku nabarmena izan dabe antzerkigintza barriek, bardintasunak, gai sozialek, belaunaldien arteko lotureak eta aniztasunak.

Hurrengo edizinora ilusinoz begira gagoz, jaialdi parte-hartzaileagoa helburu hobekuntzak pentsetan, eta espero dogu publikoak gozau ahal izatea aurtengo beste edo gehiago, adierazo dabe Pikazak eta Goirizelaiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu