Zeledonen zain dagoz gasteiztarrak

Bizkaie! 2022-08-04 09:17   Kulturea

Andra Mari Zuriaren jaiak, abuztuaren 4tik 9ra.

Luis Carlos Orduzek egin dau aurtengo jaietako kartela | Ikusi handiago | Argazki originala

Gasteizko Udala-k eta kultur eragileek 400 ekitaldi baino gehiagoko egitaraua atondu dabe 2022ko Andra Mari Zuriaren jaietarako, urte biko etenaren ostean ospakizunetako gogotsu dagoz eta. Ohiko moduan, Zeledonen jatsierea eta txupinazoa izango dira jaien hasierako ekitaldiak. Elena Loyo, Ruth Brito, María José Sáez de Cortázar, Jaione Prado eta Arantza Navarro arduratuko dira suziria bota eta jaiei hasierea emoteaz, gaur, eguena.

Zeledonen azalean sartuko da barriro Gorka Ortiz de Urbina, dagoeneko hogeigarren aldia izango dau. Zeledon Txiki Unax Ferrera izango da eta Elaia Berganzo, Edurne Txiki. Abuztuaren 7a izango da umeen egun berezia Gasteizko jaietan.

Neska eta blusen eguna barikua da, baina egunero ibiliko dira taldeotako kideak uriko kaleak alaitzen. Besteak beste, goitiberak, Desolinpiadak eta lehiaketak dakarrez blusek eta neskek aurten.

Bestetik, Txosnagunea gaur, eguena, 21:30ean zabalduko dabe. Ibilbedi, Vulk, Willis Drummond eta Aiaraldeko Soinu Sistema izango dira hango oholtzan lehenengo egunean. Hurrengo gauetan be kontzertu jentetsuak egongo dira txosnetan (Garilak 26, Zetak, SA, Dupla...), baita Alkartasun Eguna be, barikuan.

Udalaren egitarau ofizialean, bestetik, hemengo eta kanpoko talde ezagunak sartu ditue, uriko hainbat leku girotzeko. Hasteko, gaur, Tanxugueiras galiziarrak eta Akerbeltzen erromeria iragarri ditue. Hurrengo egunetan uritik pasauko dira Mikel Erentxun, Gozategi, Izaro, Olatz Salvador eta beste asko.

Bertsolarien txokoa Matxete plazea izango da eta umorearena, Prado parkea. Ganera, su artifizialen saioetan lau konpainiak hartuko dabe parte.

Irakurri egitarau osoa hemen.

Abuztuaren 9ra artekoak dira 2022ko Andra Mari Zuriaren jaiak, beraz, gasteiztarrek eta bisitariek ia astebete dabe ondo pasetako. Gorka Urtaran alkateak hauxe adierazo dau: Guztiok merezidu dogun unea da, hiru urteren ondoren jai bikainak merezidu doguzalako. Eta, horretarako, betiko formulea aplikau behar dogu: gozetako eta ondo pasetako gogoz urtetea etxetik, baina beti besteak errespetauta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu