Itsasontzietako belak artelan bihurtu ditu Salvador Saurak
2022-08-03 12:48 KultureaBilboko Itsasmuseumen dago Nire belak nire pintzelak erakusketea.
Artea eta itsasoa dira Salvador Saura kataluniarraren pasino biak, eta horreek biak dira Bilboko Itsasmuseumen uda honetan ipini daben aldi baterako erakusketearen oinarriak be. Nire belak, nire pintzelak izeneko erakusketan, itsasontzietako belei beste esangura bat emon deutse, artelanak sortzeko mihisetzat erabilita.
Dagoeneko erabilten ez diran bela zabalak ikusi leitekez erakusketan, museoko sabaitik esegita, eta hareen ganean Saurak egin dituan interbentzino artistikoen bidez, itsasoko objektuak berrerabilteko ahalegin irudimentsua ezagutuko dabe bisitariek. Ames egiteko gonbidapena da, Itsasmuseumeko arduradunen arabera.
Bartzelonan jaio zan Salvador Saura Margarit, 1951n, eta dozena bat urte daroaz proiektu honetan. Urteak pasau ahala, belak artelan bihurtzeko prozesua findu dau, orain Bilbon ikusi leiteken bildumea atondu arte. Artistearen beraren esanetan, nabigazinoan erabili diran bela zaharrek eragiten deutsen zirrareak bultzatu dau proiektura. Pieza bakotxa konpondu eta apaindu egiten dau, pintzelak, akrilikoak eta aerografoak erabilita.
Museoko atrioan ipini dabe Nire belak, nire pintzelak, sarbide nagusiaren alboan; horregaitik, libre da erakusketea ikustea, ez da beharrezkoa sarrerea erostea.
Dana dala, Itsasmuseumeko arduradunek jakin eragin dabe museoa uda osoan egongo dala zabalik, bisitariak hartzeko prest. Sarrerea pagau ezkero, erakusketa iraunkorra eta aldi baterako beste batzuk ikusi leitekez, adibidez, euskal surfaren historia jorratzen dauena eta Elkanoren mundu birearen 500. urteurrenaren kontura antolatutakoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!