Bermeotik Gaztelugatxera, autobusa eta bisitaldiak abuztuan

Bizkaie! 2022-08-03 11:09   Kulturea

Garraio publikoa sustatzea eta ondare natural eta historikoa gizarteratzea da asmoa.

Bisitari ugari erakarten ditu Gaztelugatxek, bertokoak zein kanpokoak, eta aukerea ikusi dau hor Bermeoko Udalak abuztuan ekimen barri bat martxan jarteko. Herritik Gaztelugatxera autobus zerbitzua eta bisitaldi gidatuak egingo ditue abuztuaren 27ra arte, egunero, domeka eta jai egunetan izan ezik.

Hiru helburu nagusi bete gura ditu Bermeoko Udalak, Kepa Zumeta zinegotziak azaldu dauenez. Batetik, garraio publikoa bultzatzea eta auto pribadua erabili barik Gaztelugatxera joan daitezan bisitariei erraztasunak emotea. Auto gehiegi ibilten dira inguru haretan, eta jasangarritasunaren aldeko pausua da Udalarena.

Bigarren helburua Bermeora bisitariak erakartea da. Gaztelugatxe ikusten joaten diran bisitari asko ez dira Bermeotik pasau be egiten, baina autobusaren abiapuntua herrigunean ipinita, hango kale, taberna eta dendak ezagutzeko atxakia eta aukerea izango dabe aurrerantzean.

Hirugarren helburua Gaztelugatxeko ingurune naturalaren eta ondare historikoaren inguruan informazinoa zabaltzea eta horri balioa emotea da. Kepa Zumetak aurreratu dauenez, informazino puntua ipiniko dabe Itxas-ganen, autobusaren geltokietako baten alboan. Bisita gidatuetan be, bermeotarron sinesmen, erritu eta ohiturak azalduko deutsez bisitariei, gure nortasuna balioan jarriz, ganeratu dau zinegotziak.

Autobusek Lamera parkeko geltokitik urtengo dabe eta, Itxas-ganeko parkinean geratu eta gero, Gaztelugatxera helduko dira. Hortaz, trenean, autobusean zein auto pribaduan hurreratzen diranek esku-eskura izango dabe zerbitzua.

Urteerak 10:30ean eta 12:30ean izango dira. Bisitak ordu bi eta erdikoak izango dira. Prezioei jagokenez, helduek 7 euro ordaindu beharko ditue, 6 eta 12 urte bitarteko gazteek 2,5 euro eta sei urtetik beherakoentzat doban da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu