Sorkuntza garaikideari laguntzeko, Babestu dakar Azkuna Zentroak

Bizkaie! 2022-08-01 10:48   Kulturea

Komikiaren Nazinoarteko Egoitzen deialdia be egin dau.

Bilboko Azkuna Zentroak martxan jarri dau III. Babestu programearen deialdia. Sorkuntza garaikideari laguntzeko ekimen horren bidez, bost proiektu artistiko, kultural eta sortzaile aukeratuko ditue, eta bakotxak 6.000 euro jasoko ditu proposamena martxan jarteko, 2023ko urtarriletik abendura.

Irailaren 4ra arteko epea dago Babesturen deialdira proiektuak aurkezteko. Azkuna Zentroko arduradunek azaldu dabenez, Euskadiko testuinguru artistiko eta kulturaleko sortzaileei eta karrera erdiko taldeei zuzenduta dago egitasmoa.

Hiru baldintza nagusi bete beharko ditue deialdira aurkezten diran proposamenek. Batetik, praktika artistikoak garatzeko modu barriak aztertu eta Azkuna Zentroaren programazino-ildoetan kokatu beharko dira. Bigarrenik, Zentroko publiko-komunidade batzukaz konpartiduteko pentsauta egotea beharrezkoa izango da. Hirugarrenik, azken emoitzan baino, haren bilakaeran jarriko da arreta handiagoa.

Behin proposamen guztiak aztertuta, Azkuna Zentroak bost aukeratuko ditu. Lau, ikusizko, ikus-entzunezko zein zuzeneko artearen alorrekoak izango dira; bosgarrena, artea, kultura garaikidea eta komunidadeak ardatzaren inguruko bitartekaritza-proiektu bat izango da.

Komikiaren Nazinoarteko Egoitzea

Era berean, Komikiaren Nazinoarteko Egoitzearen beste edizino bat egingo dauela aurreratu dau Azkuna Zentroak, Quebeceko Maison de la Littérature eta Angulemako Cité Internationale de la Bande Desinée et de l'Image erakundeakaz alkarlanean.

Hiru lagunentzako egoitzea izango da, komikiaren inguruko sorkuntzea bultzatu eta hainbat herrialdetako artisten arteko hartu-emonak sendotzeko. Nobela grafikoa bestelako ingurune profesionalen pare jartea eta beste diziplina garaikide artistiko batzuetako artistakaz loturea egitea be aitatu ditue deitzaileek.

Egoitzak hiru alditan eta beste horrenbeste lekutan egingo ditue aukeratutako artistek: 2023aren hasikeran, Anguleman; ondoren, Bilbon (Gutun Zuria jaialdiaren barruan); eta azkenik, Quebecen, apirilean.

Artista bakotxak sormen-proiektu pertsonal batean lan egingo dau, eta serigrafiako sorkuntza kolektibo bat be proponidu ahal izango dau egoitzearen amaieran. Etxepare Euskal Institutuaren babesa dau ekimenak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu