'The History of Basque Music' liburuak euskal musikearen eta musikarien historia batzen dau ingelesez

Bizkaie! 2022-07-29 13:44   Kulturea

Liburuaren editorea Josu Okiñena da, Musikeneko irakasle, ikerlari eta ospe handiko musikari eta pianistea.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaile Bingen Zupiriak Renoko Euskal Ikerguneak (Center for Basque Studies) kaleratu dauen azken liburuaren aurkezpenean parte hartu dau gaur. The History of Basque Music liburuaren bigarren edizinoa da hau, lehenengoa Musikenen aurkeztu eben 2019an.

Donostiako San Telmo Museoko aurkezpenean parte hartu dabe Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak eta Xabier Irujo Nevadako Unibersidadeko Renoko Euskal Ikerguneko zuzendariak be.

Euskal musikea gaur egungo Euskal Herrian, baita bere mugetatik kanpo sortu edo biziten dan musikea, diasporako euskaldunek sortutako musika be.

Azken urteotan euskal musikari eta euskal musikariei buruzko ikerketak egin diran arren eta bai Araba zein Nafarroa lako lurraldeetako musikearen historia ikertu eta opera edo monodia liturgikoa lako generoen ikuspegi orokorrak argitaratu izan badira be, orain arte ez da euskal musikearen historia akademiko bat idatzi ikuspegi panoramikoa ardatz hartuta. Beraz, ikuspegi kronologikoari erreparauta lan honek historia aurretik XXI. mendera arteko euskal musikearen historia aztertzen dau. Konposizinoaren jokera barrienak be batzen ditu, emakumeei eta euskal musikeari buruzko kapituluak eta jazzaren eta herri musikearen historia laburra gehituz.

Bibliografiak iturri esanguratsuenen aukeraketa bat jasoten dau eta bolumena euskal musikearen garai ezbardinetako audio-fitxategi adierazgarrienak batzen dituan fonografia bategaz amaitzen da.

Liburu honen balioa azpimarragarria da. Ingelesez argitaratutako euskal musikearen lehen liburua da eta euskeraz zein gaztelaniaz argitaratutako Euskal Herriko musikearen historiako erreferente akademikoa.

Liburua Nevadako Unibersidadean dagoan Renoko Euskal Ikerguneko CBS Press-ek argitaratu dau Musikenegaz batera. Liburuaren editorea Josu Okiñena da, Musikeneko irakasle, ikerlari eta ospe handiko musikari eta pianistea. Proiektu hau egiteko Okiñenak egileak bere gaietan adituak diran egileak hautatu ditu. Ondorioz, kapituluak idatzi dituenak Musikeneko irakasleak dira gehienak eta bakotxa da bere gaian jakitun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu