'Zentzumenen Uria'
2022-07-26 12:20 KultureaVI. Open House Bilbao, urriaren 1ean eta 2an.
Munduko ate edegien jaialdi nagusiak, arkitekturan eta urigintzan oinarritua, barriro eskainiko dau kalidade handiko programea eta, segurutik, ekitaldiaren hasierako formatua berreskuratuko dau. Formatu horretan ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena emotea.
EAEko hainbat unibersidaderen eta jaialdiaren eta haren antolaketaren arteko lankidetzea eta parte-hartze aktiboa sendotu egin da eta ekitaldia sustatzen laguntzen dabe.
Bilboko Udalak bat egin dau Open House Worldwide nazinoarteko sareko 45 urien arteko ekintza bateratuagaz, arkitekturearen eta urigintzearen arloan bikaintasuna zabaldu eta defendiduteko.
Open House Bilbao Jaialdiaren seigarren edizinoak gogoetea egingo dau uriari buruz danok ditugun pertzepzino indibidual eta subjektiboen inguruan, norberaren jarrerak dira egoerearen zein gaitasunen araberakoak baina, era berean, argi dago badirala iruditeria kolektiboan irauten daben eta zeozelako adostasuneko ezaugarri batzuk: kale bihurgunetsu eta txarto argiztatuta egoteak segurtasunik ezaren sensazinoa eragingo deusku; itsasadarraren ertzean dagoan pasealeku batek, barriz, landaretzaz eta argi naturalez bustita, pozez beteko gaitu, izan be, gure bost zentzumenen bidez, uria ikusi, estaldu, entzun, usaindu edo probau be egin geinke. Gainera, zentzumen horreetako bakotxa gai da ustez ahaztutako momentu, gomuta edo bizipen bat gogoratzeko.
Kontuak kontu, aurten, 2022an, Open House Bilbaok arretea jarriko dau personakan eta horreek uria eta eregitako ingurunea atzemoteko moduan eta hareekaz alkarreragiteko moduan.
Jaialdiaren helburua da ahalik eta jente gehiagorengana heltzea, bai arkitekturan espezializau bako ikusleakana, bai sektoreko profesionalakana be. Horretarako, kultura-programa zabala diseinau da, jarduera nagusiak eraikin adierazgarriak bisitetea aurreikusiz, hareen arkitekturea, historia eta kulturea ezagutzeko.
Gune horreetara egiten diran bisitak ehunka boluntarioren inplikazinoari, konpromisoari eta gogo biziari esker egiten dira. Boluntario horreek sarrerak eta bisitea kontroletan ditue. Bisitea 20 minutu inguruko ibilbide gidatua da, 10-25 personako taldeetan, bisitau beharreko espazioaren ezaugarrien arabera.
Bisitak euskeraz zein gaztelaniaz egin ahal izango dira. Arkitektueraren zeregina zabaltzea da helburua, ikuspegi estilistikoa, tipologikoa, historikoa eta soziala ardatz hartuta, baita eraikinen barruan bizitako historiak azalduz be, horreek baitira, azken batean, uriaren esentzia.
Bisitak doban dira eta aurretik izena emon beharrik ez dagoan ohiko formatua berreskuratuko da. Kasu jakin batzuetan, aldez aurretik izena emoteko aukerea aztertuko da edo biak buztartuko dituan formatu mistoa.
Azken edizino bietan, pandemiaren ondorioz, espazio bisitagarrien katalogoa nabarmen murriztu bazan be, seigarren edizino honetan uri osoan zehar 60 espazio baino gehiago edegitea espero da.
Bisitak eta uriko ibilaldi espezializatuak be izango dira, bisita bereziak eta egileen bisitak eta itsasontzietako ibilaldiak.
Boluntarioak
Aurten parte hartu nahi dauenak hemen emon leike izena. Gainera, boluntarioen programeari buruzko edozein argibide nahi izan ezkero, posta elektronikoa erabili daiteke: boluntario@openhousebilbao.org.
EAEko hainbat unibersidaderen eta jaialdiaren eta haren antolaketearen arteko lankidetzea sendotu egin da, bertan modu aktiboan hartzen dabe parte ekitaldia entzutetsua izan daiten, besteak beste, Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoa, Deustuko Unibersidadea edo Bilboko IED Kunsthal.
Open House Bilbao
OUT alkarteak diseinau eta atondu eta Bilboko Udalak babestutako ekitaldia da; OUT irabazi-asmorik bako alkartea da, tokikoa, uri-barritzean, arkitekturan, eta herritarren parte-hartzean interesa daben arkitekto gazteek eratua.
Open House aukera bat da herritarrek euren uriaren inguruko kontzientzia hartu deien arkitekturearen eta urigintzearen bidez. Ekitaldi honen bidez, gai horreek ezagutzera emoten dira, hareen zabalkundea egiten eta jentarteratzen da publiko zabal baten artean eta parte-hartzearen bidez egiten da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!