Bermeon amaituko da lurraldeko herri nagusietan ibili dan erakusketa ibiltaria
2022-07-26 10:36 KultureaBizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz erakusketea garagarrilaren 29ra arte egongo da Bermeoko Lamera parkean.
Bizkaiko Batzar Nagusien indar historikoa eta gaur egungo erabilgarritasuna erakusteko Bermeon dagoan panelez osotutako erakusketeak, Europako sistema parlamentario demokratiko zaharrenetakoaren inportantzia historiko, sozial, kultural eta politikoa erakusteko erakusketeak, ateak zarratuko ditu.
Bizkaiko parlamentuak sustatutako erakusketa ibiltariak lurraldeko urigune nagusietan egon da, baita biztanle gehieneko udalerrietan be. Igaz, Bilboko, Getxoko, Portugaleteko eta Durangoko kaleetan izan zan, lurraldeko lau barrutietatik egin beharreko lehenengo itzulia zarratuz. Bigarren denporaldi honetan, apirilean Barakaldon egon zan, maiatzean Ermuan eta joan dan hilebetean Galdakaora heldu ostean, garagarrilean heldu da Bermeora.
Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz erakusketan formatu handiko 12 panel dagoz eta Batzar Nagusiak erakundeak parlamentu-erakunde moduan daben eskumen-egitura zabala azaltzen da bertan, baita erakundearen kultur ondarea be. Batzar Nagusien lau egoitzetan zeharreko ibilbidea (Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediaga) egiten dau erakusketeak; zehaztasun gehiago emoten ditu Gernikako Batzar Etxeaz, erakundearen egoitza nagusia dalako eta bertan dagozalako, esaterako, Gernikako Arbolea (demokraziaren, askatasunaren eta bakearen euskal ikur nagusia) eta Francisco de Mendietaren Bizkaitarrek Fernando Katolikoa Erregeari 1476.ean egindako esku-mosua izeneko margolana; kuadro hori osoko batzarren aretoaren atalburuan dago eta oso berezia da, Europako artean lehenengoz emakume-talde baten erretratua erakusten dauelako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!