Muruetako Udala gizarteratze-proiektu solidarioetan bete-betean

Bizkaie! 2022-07-26 10:04   Kulturea

Udalak Lurre Hurre eta Bertotik Elkarte Kooperatiba Txikia alkarteekaz lankidetza-hitzarmena sinatu dau.

Murueta herri konprometitua da gizarte-politiken arloan eta bere lan-arloan ekimen solidarioak bultzatzea dago, nahitaezko gitxieneko eskumenetatik harago doazenak. Esangura horretan, Udalak Lurre Hurre eta Bertotik Elkarte Kooperatiba Txikia alkarteekaz lankidetza-hitzarmena sinatu dau, migratzaileen gizarteratzea eta enplegagarritasuna bultzatzen dauen proiektu bat garatzeko: Udalaren eretxiz, alkartasunaren eta konpromisoaren eredu izan behar dogu; horregaitik, legeriak ezartzen deuskunetik harago goaz eta, ahal dogun neurrian, gizarteratzeareagaz, tokiko enplegu-politikakaz eta gazte-politiken plangintzagaz, antolaketeagaz eta kudeaketeagaz lotutako ekimenak bultzatzen doguz. Boluntariotzea sustatu gura dogu Muruetako udalerriaren eta bertako biztanleen mesedetan, azaldu dau Julen Karrion Muruetako alkateak.

Proiektu solidario hau martxan jarteko, Muruetako Udalak honako konpromisoa hartu dau: Urtebetez, Arondoko parajean udal gune edo instalazino bat lagatea, eskualdeko produktore txikien beharrei erantzun eta lantegi bat sortzeko. Murueta landa-eremuko herria da, eta gizarte-bazterkeriako arriskua eta kalteberatasun- maila handiko migratzaileak nekazaritza ekologikoan eta hurrekoan trebatu eta landare-produktuak eraldatzeko ekimen solidario honetan parte hartzen dau, Busturialdeko garapen jasangarriaren esparruan jarduerak egiten diran eremuetan biodibersidadea konserbeteari balioa emonez.

Lurre hurre alkarteak migratzaileak gizarteratzearen alde lan egingo dau, landa-garapenaren bidez gizartean eta lanean parte hartu deien. Proiektuan parte hartzen daben personak nekazal lanbidea ikasteaz gan, euskal gizartean ezinbestekoak jakezan gaien inguruko formakuntzea jasoko dabe, besteak beste,
herritarron eskubide-betebeharrak, gizarte antolaketea eta alkarrekintza sozialak edo indarreko legedia. Bestetik, persona migratuok geure gizarte sarearen partaide integral izatea bultzatuko da. Bestalde, Bertotik Elkarte Kooetariba Txikia erakusleiho aktiboa izango da produktuak (eskualdeko frutea eta barazkiak) zabaltzeko, sustatzeko, barritzeko, saltzeko eta banatzeko.

Beste alde batetik, Landa garapena da proiektu solidario honen haria, herritarren eta migratzaileen arteko loturea sortzeko, persona horreen integrazinoa sustatzeko, etorkizuneko enplegurako prestakuntzea emonez eta hau guztia lehen sektorea eta tokiko nekazaritzea sustatuz eta lan-eremu honetan Muruetak asko dauka eskaintzako, nabarmendu dau Muruetako Alkateak, Julen Karrionek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu