'Bizkaia ez litzateke dan modukoa izango Gorabidek 60 urte honeetan egindako lanik barik'

Bizkaie! 2022-07-21 07:59   Kulturea

Bizkaiko Diputadu Nagusiak Foru Jauregian egin deutso harrerea Gorabideri.



Unai Rementeria Bizkaiko Diputadu Nagusia ezintasuna daben personen alde dabilen Bizkaiko Gorabide alkarteagaz batu da gaur, alkartearen 60. urteurrena ospatzeko. Erakundeak Gorabide 6.0 lemea aukeratu dau urteurrena ospatzeko. Holan, alkartearen ibilbideak betetako sei hamarkadak nabarmendu nahi ditue eta, aldi berean, etorkizunerako ilusino-mezu bat zabaldu.

Diputadu Nagusiak eskerrak emon ditu lurraldeko hirugarren sektorearen lan sozial garrantzitsuagaitik eta Gorabideren lana eskertu. Era berean, argi itxi dau Bizkaiko Foru Aldundiak ezintasunaa daben persona guztien aurrean dauen konpromisoa eta, kasu honetan, adimen-ezintasuna daben persona guztien garapen personala errazteko eta bizitza-proiektua lortzen laguntzeko konpromisoa nabarmendu dau: Bizitza-proiektu guztiak aintzat hartzen dituan Bizkaia inklusibo eta integratzailearen alde egiten dogu, gaitasunei begira egon barik, nabarmendu dau. Bizkaia ez litzateke den modukoa izango Gorabidek 60 urte honeetan egindako lan hori barik. Urte gehienetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik eta erakundearen laguntzeagaz ibili da eta ibilbidean zehar, inklusinoaren bidera erakarri dituzue bizkaitar ugari. Alkarregaz 22 egoitza, pisu eta etxebizitzako sare bat osotu, dozenaka laguntza personalizatu emon, aisialdirako programak eskaini eta eguneko 14 zentro ditugu. Bestalde, autonomia personala sustatzeko zentro bat dogu; hori guztia Bizkaiko gizarteak egindako ahaleginaren emoitzea da baina Aldundiak eta Gorabidek, hirugarren sektoreak eta administrazino publikoak, alkarregaz bideratuta. Ibilbide luzeko aliantzeari esker, gaur, topaketa honen atxaki lez, orain artekoa berresten dogu, nabarmendu dau Unai Rementeriak.

Topaketea Foru Jauregian izan da eta bertan izan dira Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputadua, Susana Gorbeña alkarteko presidentea, Zuzendaritza Batzordeko kideak, erabiltzaileak, senideak eta Gorabideko profesionalak eta boluntarioak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu