2022/07/22 10:45
Bermeotik Elantxobera. | JaiakMadalen Eguna.
Urte luze biren ostean Madalen Eguna normaltasunez ospatzeko unea heldu jaku. Bermeotarrontzako sano berezia dan tradizinoa berreskuratu ahal izango dogu. Alkarrenganako errespetua eta ardurea ardatz hartuta, ilusino eta emozinoei ateak edegiko deutsaguz. Gogo handia dogu garagarrilak 22 heltzeko, hain gure dogun tradizinoari eusteko eta danok kalera urtetako!, adierazo dau Bermeoko alkate Aritz Abaroak prentsaurrekoan.
Urte hunkigarri honetarako aukeratu dan teilea be oso berezia eta sinbolismoz betea izango da, izan be, Bermeoko Frantziskotarren komentuko teila bat aukeratu da Izaro ugartearen ipar-ekialderantz dagozan mugak berresteko. 1422ko zezeilaren 27an, Bermeoko Kontzejuak Izaroko lurrak emon eutsozan Fray Martin de Arteagari bertan frantziskotarren komentu bat sortzeko eta Bermeok jurisdikzino zibila eta judiziala beretzat gorde zituan. Urte horretan bertan lehen frantziskotar ‘obserbanteak’ Izaron finkatu ziran.
Oso data eta jazoera esanguratsua da, duda barik. 600 urte ez dira urtero beteten eta Izaro eta bertako komentua esanguraz eta sinbolismoz beteriko ondarea dira bermeotarrontzako. Izaroko komentuko teilarik gordeten ez bada be, badaukagu frantziskotarren komentuko teila bat. Bermeoko herrian frantziskotarren komunidadeak dirala zein klaustrokide (1357tik) zein obserbante, beti izan dau presentzia eta herriko bizitzeagaz lotura estua euki dabe eta eukiko dabe. Horregaitik guztiagaitik uste izan dogu Madalen eguneko tradizinoaren testuinguruan, aukera ezin hobea daukagula Izaroko frantziskotarren lekukotzearen 600. urteurrena eta Bermeoko historian hain esanguratsuak izan ziran frantziskotarrak eurak omentzeko, jarraitu dau Abaroak.
Tradizinoari jarraituz:
10:45ean Udalbatza Goiko Plazan batuko da alkate soinua entzuteko. Ondoren, Goizeko 11:00etan alkateak eta udal zinegotziek Bermeoko Santa Eufemiako eleizan geldialdia egingo dabe, nahi dabenek meza nagusian parte hartu ahal izateko. Mezea amaitu ondoren, udalbatza barriro eratu ostean, segizinoari barriro be hasierea emon eta porturako bidea hartuko dabe Kankinkabara txistu taldeagaz kalejiran. Txistulariek Madalen Eguneko zortzikoa joko dabe bidean doazela. 12:00ak aldera Itsasoratu ostean eta Izaroko ipar-ekialdean dagozala, Bermeoko Udalak herriko banderearen eta ikurrinaren jasoerea egin eta Aritz Abaroa alkateak, ohikoa dan legez, teilea jaurtiko dau honaino heltzen dira Bermeoko ituginak esaldia ozen esanez eta holan Bermeoren mugak berretsiz.
Teilea bota eta Elantxobe eta Mundakatik pasau ostean, udalbatza arratsaldeko 20:00rk aldera helduko da Goiko Plazara eta, bertan, ikurrinea eta herriko banderea jaso eta jantzaldian parte hartuko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!