Bilbo, euskal kulturearen uriburu
2022-07-19 07:54 KultureaAste Nagusian ehundik gora hitzordu berbatu ditue.
Abuztuaren 20tik 28ra, Bilboko Udalak egitarau potoloa atondu dau, izan be, jaietan uria dinamizeteaz gan, helburua bilbotarrek eta bisitetan gaituenek Euskal Herriko historia eta ohiturak hurretik ezagutu ahal izatea da.
Garikoitz Otamendiren musikaz girotuta eta Onintza Enbeita bertsolaria eta Karmele Gisasola harri-jasotzailea lagun zituala, Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak Euskadiko kultur eskaintza esanguratsu horren zehetasun guztien barri emon dau: Abuztuaren 21etik 28ra, kalean bertan, uriaren bihotzean, Alde Zaharrean, hitzorduak, egunero, irisgarriak eta askotarikoak izango dira, erakustaldiak, alardeak, kalejirak, kontzertuak eta euskerea eta emakumea izango dira protagonista, Urtasunek adierazo dauenez. Aste Nagusia jai internazionala, anitza, herrikoia eta parte-hartzailea da eta Udalaren helburua dibertimenduaren alde egitea, baita gure nortasuna, kultura eta tradizinoak balioan jartea be, nabarmendu dau.
Eguneko plana, egunero, 10:00etan, Zazpi Kaleetan zehar uria esnatzen daben txistulari eta gaiteroakaz hasiko da. Lekukoa 8 erraldoi eta buruhandiek hartuko dabe 11:00etan, Bizkaiko Dantzarien Biltzarra taldeko jantzari eta musikariek lagunduta, Euskal Museotik hasita egingo dauen ohiko kalejiran.
Edozelan be, personaia horreen egun handia abuztuaren 28an izango da, domekea, 10:30ean, Euskadiko hainbat herritatik (Kanbo-Lapurdi, Iruñea, Arrasate, Bergara...) etorritako erraldoein konzentrazinoagaz (13:30ean Arenalean). Gura dauenak Erraldoien erakusketea doban bisitau ahal izango dau Mariaren Bihotza plazako aztarnategian.
Bertsoak eta bilbainadak
Egitarauko hurrengo geldiuneak 13:00ean izango dira, Santiago plazan, bertsolarien eskutik eta tabernaz taberna Alde Zaharreko kaleak girotuko dituen eta Bilbotarrak taldearen eskutik etorriko diran bilbainadakaz, Casilda Iturrizar Parkean, 12:00etan; Udal Musika Bandea, egunero 12:00etan Arenalekoo Kioskoan.
Santiago Plazeak Bertso Saioak hartuko ditu egunero, 13:00ean:
Domekea 21: Amets Arzallus, Uxue Alberdi, Nerea Ibarzabal eta Maddi Ane Txoperena.
Astelehena 22: Ane Labaka, Jon Maia, Julio Soto eta Miren Artetxe.
Martitzena 23: Arkaitz Estiballes, Oihana Bartra, Maialen Akizu eta Ibon Ajuria.
Eguaztena 24:Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga.
Eguena 25: Miren Amuriza, Aitor Etxebarriazarraga, Xabat Galletebeitia eta Aitor Bizkarra.
Barikua 26: Sebastian Lizaso eta Onintza Enbeita.
Zapatua 27:Alaia Martin, Oihana Iguaran, Beñat Gaztelumendi eta Sustrai Colina.
Domekea 28: Andoni Egaña, Saioa Alkaiza, Igor Elortza eta Jone Uria.
Bilbainadak, eguerdian (Casilda Iturrizar Parkean):
Domekea 21: Los 5 Bilbainos.
Astelehena 22: Mapa Mundi.
Martitzena 23: Gau Pasa.
Eguztena 24: Los Chimberos.
Eguena 25: Los 5 Bilbainos.
Barikua 26: Los Chimberos.
Zapatua 27: Gau Pasa.
Domekea 28: Mapa Mundi.
Beste alde batetik, abuztuaren 26an, 13:00ean, XXI. Albokarien Tropela izeneko kalejirea hasiko da Arriaga Plazatik, hogeita hamar alboka, pandero eta gainerako musika-tresna autoktono baino gehiagogaz.
Sasoi barrietara egokitutako herri kirolak eta pelota partiduak be iragarri ditue (abuztuaren 24an, Herri Kiroletako Emakumearen Eguna; abuztuaren 25ean, Pentatloi Lehiaketea; abuztuaren 26an, 2022 Urrezko Aizkolarien Txapeldunen ligea eta 50 kiloko txingakaz Desafioa, Euskadiko azken txapeldun bien artean; eta amaitzeko, hilaren 27an, 6 taldek parte hartuko daben askotariko proposamena: Lasto Jasotea eta Lasto Botatea, Ingude Jasotea, eskorga-jokoa eta Harri-zulatzaileen Ligea.
Jantzen arloan, jantzan zelan egiten daben eta norberak be jantzan egiteko aukerea be egongo da egunero Plaza Barrian, 21ean, Zerutxu (Markina); 22an, Goialde (Erandio); 23an, Gaztedi (Santutxu); 24n, Salbatzaile (Kastaños); 25ean, Alkartasuna (Bermeo); 26an, Urdaibai (Forua); eta 27an, Mikel Deuna (Iurreta).
Traineruak
Udalak, Deustuko Arraun Alkarteagaz batera, estropada bi atondu ditu abuztuaren 21ean, domekan:
- Emakumeen Bilboko V Ikurriña 2022 Traineru Ligako Estropadea, 11:45ean izango da.
- Jarraian, aurten XLIII. edizinoa beteko dauen Bilbo Uria Estropadea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!