Deiadar Mendien Eguna, irailaren 24an, Gorbeian

Bizkaie! 2022-07-18 11:10   Kulturea

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak tradizinoa berreskuratu dau.

Adarraren soinuak Gernikan egiten ziran bileren deialdia iragarten eban eta irailaren 24an, zapatuan, Gorbeiara egingo dan igoeran Deiadar Mendien Eguneko XVII. edizinora batzen diran personak orientauko ditu. Bizkaiko sabaia izango da ospakizun horren agertokia, aurreko urteetan beste lau gailurretara (Ganekogorta, Kolitza, Sollube eta Oiz) igon eta azken edizino biak pandemiaren ondorioz bertan behera geratu ostean.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundea barriro lanean hasi zanetik 25 urte bete zirala eta 2004an hasitako tradizinoari eutsiz, lurraldeko bost mendi taldegaz lankidetzan gauzatuko dabe ohitura hori: Balmaseda Mendi Taldea (Balmaseda), Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo) eta Alpino Tabira (Durango). Martxeari goizeko 09:30ean ekingo jako Pagomakurretik. Parte-hartzaileak Gorbeiako tontorrera igongo dira, 6 kilometroko igoerearen ostean eguerdiko 12:00etan adarrak joteko ohiturea zintzo betetako.

Bizkaiko antxinako tradizinoak gogora ekarteko jardunaldi horretan, egun horretarako apropos egindako adarra erabilten da eta adar hori urtero-urtero eroaten da deiadar-tontor batetik bestera. Aurten, Kurutzearen ondoan adarren soinua entzun ostean, atontzailee jai-gune txiki bat jarriko dabe Arrabako aterpean, eta bertan ez dira faltauko musikea, jantzak eta igoerea egin dauenarentzako mokaua. Kirol igoeraz arduratuko dan Lemoako Ganzabal klubak, Balmaseda Mendi Taldeko ordezkariari emongo deutso lekukoa, ohiturea danez, 2023an Kolitzarako igoerea atonduko dauen kluba da-eta. Holan, deiadar mendietara igoteko zikloagaz jarraituko da.

Deiadar Mendien Eguna mendi zaleen eta euskal tradizinoen arteko martxa klasikoa da. 2019an egindako azkenengo edizinoan (2020koak eta 2021ekoak bertan behera geratu ziran), ehundaka persona joan ziran Ganekogorta mendira Bizkaiko Batzar Nagusietarako deian parte hartzera, iraganean Bizkaiko ordezkariak Gernikako haretxaren inguruan jarteko egiten ziran deialdiak gogoratuz, une historiko bakotxean herritarrak okupau eta arduratu dituen gaiak jorratzeko.

Legendearen eta errealidadearen artean

Gernikako bilerak deitzeko mendietan deiadarrak joteko ohiturea misterioz beteta egon da beti. Gaia argitzeko, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko eta Enkarterri Museoak ikerketa-lana egin eben 2020an. Azterlan horrek ondorioztatu eban Bizkaiko bost tontor enblematikoetan adarren bidez foru-uribildura joateko deialdia, Gernikako Batzar Etxean antxina egiten zan ekitaldi bati buruz Antonio de Trueba kronisteak XIX. mendean egin eban berrinterpretazino historikoa zala.

Javier Barrio eta Goio Bañalesen Bost dei-adarrak jotzea. Bizkaiaren sinbolo ikerketa-lanean egiaztau da Galdamesko historialariak Foruak etenbako erasoak jasoten egozan momentu batean berrinterpretau ebala ekitaldi hori. Truebaren eretxiz, bost deiadar hareen soinuak, bizkaitarrek euren legeakaz gobernetan jarraitzea ahalbidetzen eban Bizkaiko Jaunaren eta bizkaitarren artean sinatutako ituna sinbolizetan eban.

Adarrak bailaratik gailurrera, hau da, foru-uribildutik lurraldeko bost mendietara, eroateko ekintzea, tradizinoa gure garaietara egokitzearen ondorioa da, eta ohitura eta erakunde errotuenak, Batzar Nagusiak kasu, defendiduteko ahalegina. Antonio de Trueba izan zan gaur egun ezagutzen doguzan mendiak aitatu zituan lehenengoa. Orain dala 150 urte, Gorbeia, Ganekogorta, Oiz, Sollube eta Kolitzatik Batzar Nagusietara deitu izanaren ustea euskal historiografian eta iruditeria herrikoian sartu zan eta gaur egunera arte iraun dau.

Bost deiadarrak existidu ziran, baina antxinako liburu batzuk Gernikan kokatzen ditue XIV. gizaldian. Juan Núñez de Balboaren 1342ko koaderno batean jasotako En la Junta de Garnica, seyendo juntado cavalleros e escuderos / e fijosdalgo de Vizcaya, llamados a Junta General, e tannidas las cino vozinas testua, deiadarren tradizinoari buruzko lehen aitamena, hartu da Bizkaiko Batzar Nagusietara deitzeko urtero tontor ezbardin batera igoteari eusteko erreferentzia lez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu