'Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Eguileor 2022', garagarrilaren 16tik abuztuaren 15era

Bizkaie! 2022-07-18 07:50   Musikea

Bisita gidatuak berreskuratu eta arte eszenikoak be ekarriko ditu.



Urremendi Landa Garapen Alkartea
k aurten be Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Eguileor organo jaialdi tradizionala atondu dau, Europa mailan nabarmenetakoa. Pandemian bertan behera itxitako erantzun handiko bisitak berreskuratzeaz gan, XIX. edizino hau arte eszenikoen inguruan sortu da eta, beraz, jaialdiaren historian lehen aldiz, organo-musika zinema mutuagaz, jantza barrokoakaz, balletagaz, poesiagaz eta paisaje-erakusketa bategaz batera gozetako aukerea izango da.

Egunotan aurkeztu ditue zehetasun guztiak Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Kontzertu zikloak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzearen eta Arratzu, Bermeo, Busturia, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Murueta eta Mundakako udalerrien babesa eta Bizkaia Eleiz Museoaren laguntzea dau.

Jaialdiak 11 kontzertu izango ditu, garagarrilaren 16tik abuztuaren 15era.

Busturialdea-Urdaibai eskualdeko 7 udalerritan. Mundakak edegi eta zarratuko dau Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Axpe-Busturia, Bermeo, Arratzu eta Murueta zeharkatuko dituan ibilbidea. Jaialdiaren erantzun bikaina bermatuta dago, jente asko bertaratzen baita eta aurkezten diran programak kalidade eta ausardia handikoak baitira. 2021ean Pedro eta Prokofiefen Otsoaren lau eskuetarako bersinoa nabarmendu bazan, 2022an jaialdiaren beste enkargu bat, Joxe Benatzi Bilbao maisuaren adeitasunari esker, aurkeztuko da: Jesus Guridiren Eusko Irudiak organorako transkripzinoa, Francisco Sánchez konpositorearen eskutik.

Jaialdi honek gure eskualdeari, bai bertan bizi garenoi, bai bisitariei, emoten deutsen aberastasun kulturalak sekulakoa balioa dau. Aurkezpen hau egiten dogun bakotxean nabarmentzen dodan idea berbera ekarri nahi dot gogora. Europako organo-jaialdi garrantzitsuenetako baten aurrean gagoz. Entzungo ditugun organoetako asko gure arbasoen ekarpen ekonomikoakaz eregi ziran, hau da, kontzertu zikloaz gozeteaz gan, mimo handiz jagon behar dogu egitasmo hau. Urdaibaiko Organoak gure udako aisialdiko eskaintza zabaleko ekimena da, gure landa-eremuetako jarduera kultural eta ekonomikoa dinamizetan dauena. Ia hamarkada bi pasau dira lehen edizinotik, lan eta konpromiso handia dago honen guztiaren atzean. Atontzaileen, administrazinoen eta, batez be, urtetik urtera hurreratzen dan publikoaren babes eta maitasun berezia dau jaialdiak, adierazo dau Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Alkarteko gerenteak.

Bestalde, BFAko Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kirol foru diputaduaren esanetan, musika eta arte eszenikoak bateratuten dituan jaialdia da, baina ondarea eta artea batzen dituan jaialdia dala be esan geinke, danetariko publikoa erakarri gura dituana hain garrantzitsuak eta historiaz beteak diran Busturialdea-Urdaibai eskualdeko 7 udalerrietara, izan be, jaialdi honek ondarea erakusteaz gan, Bizkaiko eskualde honen erakasgarritasun turistikoa be bultzatzen dauelako.

Joxe Benantzi Bilbao kontzertuen zikloaren koordinatzaileak, jaialdiari esker egiten diran zaharbarritze lanen garrantzia azpimarratu dau: Urtez urte, Busturialdea-Urdaibaiko musika-tresnetako bat zaharbarritzea lortzen dogu eta hori oso garrantzitsua da ondarerako; kasu askotan, udalerri edo eleizok, gaur egun, ez litzatekez kapaz izango daben instrumentua erosteko, aitatu dau. Bilbaok ez dau alde batera itxi Muxikako San Bizente Martiriaren parrokian dagoan organoaren premiazko zaharberritzea aldarrikatzeko aukera, Diego de Amezuak (Aquilino Amezuaren aitona) 1760an eraikitako eta sekretu diatonikoa dauen Iberiar peninsula osoko organo bakarrenetakoa baita. Aparteko berezitasuna dau, Bizkaiko eta Euskadiko organo barrokoaren eredu be badalako. Begin eta barriro gogorarazoko dogu gure betebeharra dala etorkizuneko belaunaldiei gure arbasoek sarritan gorabehera handien ondoren eregi eta mantendu eben ondarea babesteko mezua helarazo behar dala.

Ekitaldiak garai guztietako errepertorioa erakutsiko du, izan be, aukeratutako udalerriek sasoi guztietako instrumentuak aurkezten baititute. Axpe-Busturian XVIII. mendeko estilo klasikoko instrumentu bat dago eta Gernika-Lumon, Mundakan, Bermeon eta Ibarrangelun sei organo erromantiko oso berezi. Horri guztiari Arratzuko harmonium ederrak gehitu behar zaizkio, bakarra Euskadin bere antzinatasunagatik, 1850ean eraiki baitzen, eta Muruetakoa; eta amaitzeko, gure ondareko organorik bitxi eta berezienetako bat, Ibarrangeluko organoa, bere harpa eta guzti. Hori guztia lehen aldiz arte eszenikoakaz buztartuta gozetako aukerea izango da, besteak beste, zinema mutuagaz (Gernikan), jantza barrokoakaz (Mertzeden), balletagaz (Mundakan), poesiagaz eta paisaje-erakusketa bategaz (Muruetan eta Axpe-Busturian).

Kontzertuak

Aurreko edizinoetako erantzun bikainaren ondoren, Busturiako eta Mundakako udalek kontzertu biri eutsiko deutse. Nabarniz, Ereño eta Muxikako udalerrietako organoak ez dagoz aurtengo edizioan parte hartzeko egoera onean. Hori dala eta, jaialdiak beharrezko ikerketak egingo ditu instrumentuak zaharbarritzeko eta etorkizunean programazinoan sartzeko.

• Garagarrilak 16 (20:00), Mundakako Andra Mariaren eleizan: ALICE MENDIZABAL ETA LAPSE DANTZA TALDEA.

• Garagarrilak 17 (20:00), Gernika-Lumoko San Pedro eleizan: MATIAS SAGRERAS.

• Garagarrilak 23 (20:00), Ibarrangeluko San Andres eleizan: PEDRO ETA OSTOA (GURUTZE BEITIA, JOSE MARIA BERENGUER, BENANTZI ETA ARTIGAS).

• Garagarrilak 25 (20:00), Gernika-Lumoko Mertzede parrokian: ANA AGUADO ETA EVA NAREJOS.

• Garagarrilak 26 (20:00), Axpe-Busturiako Andra Mariaren eleizan: GUSTAV AUZINGER.

• Garagarrilak 30 (20:30), Bermeoko San Frantzisko eleizan: JOSE A. GONZAGA ETA PEDRO CUSAC (OBOEAK) + BENANTZI BILBAO.

• Garagarrilak 31 (20:30), Gernika-Lumoko Andra Mariaren eleizan: MATTHIAS HAARMANN.

• Abuztuak 6 (20:00), Arratzuko Santo Tomasen eleizan: ESTHER BALLESTEROS (SOPRANO) + JESÚS PÉREZ (ARMONIA).

• Abuztuak 7 (20:00), Axpe-Busturiako Andra Mariaren eleizan: PAOLO BOUGEAT.

• Abuztuak 13 (20:00), Muruetako Andra Mariaren eleizan PATXO TELLERIA (Aktorea) eta BENANTZI BILBAO (Armonia).

• Abuztuak 15 (20:00), Mundakako Andra Mariaren eleizan: MICHAEL UTZ.

Edizino honetako organo, programa, artista, erretratu eta aurreko edizinoetako bideoei buruzko informazio gehiago www.uoje.org webgunean eta Facebookeko @UrdaibaikoOrganoak profilean konsultau daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu