Chillida Lekuk eta Musikenek lankidetza kultural eta artistikoari ekin deutse

Bizkaie! 2022-07-13 10:49   Kulturea

Jarduerek Chillida Leku eta Eduardo Chillidaren lanak izango ditue inspirazino-iturri.

Chillida Lekuk eta Musikenek, Euskal Herriko goi mailako musika zentroak, lankidetza-hitzarmena sinatu dabe kultura eta arte ekitaldiak landu, programau eta zabaltzeko.

Hitzarmenak erakunde bien arteko lankidetzea jasoten dau jarduerak egiteko. Ekintza horreetan protagonista Musikeneko ikasleak izango dira, bertako irakasleakaz batera. Jarduerotan, Musika Garaikideko masterreko ikasleek, Chillida Leku eta Eduardo Chillidaren lanak izango ditue inspirazino-iturri. Lan horren emoitzea Musikeneko ikasleen bakarkako edo formatu txikiko kontzertuak izango dira.

Nausica Sánchezek, Chillida Lekuko hezkuntza arduradunak, dinoanez, Eduardo Chillidaren lana oso lotuta dago musikeagaz. Musika klasikoz, kantuz eta harmoniaz inguratuta hazi zan bera, baita euskal doinu tradizionalez be. Diziplinartekotasun horrek Chillidaren figurara hurrreratzen laguntzen deusku. Chillidak musikan inspirautako eskultura bilduma ugari sortu zituan, batez be Johann Sebastian Bach konpositore alemaniarrari eskainiak.

Bestalde, erakunde biek musika eta eskulturea barrubatzen dituen diziplinarteko sorkuntza-proiektuetan parte hartuko dabe. Musikeneko ikasleei zuzendutako masterclasseak, tailerrak eta berbaldiak be izango dira, Chillida Lekuk gonbidautako langile edo artisten eskutik.

Hitzarmen honetan jasota dagoanez, Musikene arduratuko da ikasleak aukeratzeaz eta Chillida Lekuk espazioa horniduko eta ha erabiltearen ondorioz sortutako behar teknikoei aurre egingo deutse.

Holan, Chillida Lekuk lurraldeagaz sareak ehuntzen jarraituko dau beste diziplina batzuen bitartez, besteak beste, musikea, zinemea edo jantzak. Gauzak holan dirala, museoak barrikuntzearen eta sorkuntzearen alde egiten dau. Proiektu honegaz batera Chillidaren lanak esangura berezia hartzen dau interpretazino barriei zabalduz eta musikatik jorratuta irakurketa eta sorkuntza barriak sortuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu