Nekane Balluerka Lasak jaso dau Euskadi Ikerkuntza Saria
2022-07-13 09:10 KultureaUPV/EHU-ko erretore izan zan Balluerka.
Hezkuntza Sailak urtero emoten dau Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bakoitietan –hau da 2021eko deialdiaren kasua- Gizarte Zientzien eta Humanidadeen arloko profesionalen lana autortzen dau sariak; urte bikoitietan, barriz, Zientzia eta Teknologia modalidadean egiten da deialdia. Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea dau helburu, baita honako beste hau be: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituen ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betibe horreen lanak oso eragin positiboa badau Euskadin.
Nekane Balluerka Lasa (Ordizia, 1966)
Eva Ferreiraren aurretik UPV/EHU-ko erretore izan zan Balluerka eta, era berean, ekarpen nabarmenak egin ditu Diseinuen eta Datuen Analisiaren arloan, Gizarte eta Osasun Zientzietan ikerketak egiteko, bai eta neurketa-tresnak kultura artean egokitzeko metodologiaren arloan be.
Nekane Balluerka Psikologian lizentziatua da (1989) eta Psikologian doktorea UPV/EHUn (1993). Ikertzaile bisitari lez egonaldiak egin ditu Arizona State University- n (1995), University of California-n (2005) eta Manchestergo Unibertsidadeko Cathie Marsh Centre for Census and Survey Research zentroan (2010). Portaera Zientzien Metodologia arloko katedraduna da EHUn 2009tik. Lidergo zientifikorako gaitasuna Nekane Balluerkaren jardunean, gainera, bere konpromiso instituzionala be nabarmentzekoa da, izan be, kudeaketa-karguak bete ditu Psikologia Fakultadeko dekanorde legez eta EHUko errektoreorde lanak be egin ditu irakaskuntzearen eta kalidadearen barrikuntzaren arloan. Goi-mailako Hezkuntzearen Europako Esparruagaz bat egiteko oinarrizkoak izan diran proiektuen buru izan da, baita graduondoko ikasketen eta nazinoarteko hartu-emonen arloan be. Euskal Herriko Unibersidadeko errektore be izan zan 2017an.
Balluerka Lasa irakaslearen lan zientifiko bikainaz gan, honako honeek azpimarratu ditu epaimahaiak: haren ikerketa-karrera nabarmena; lidergo zientifikorako dauen gaitasun bikaina, gorabidean dan ezagutza-eskola bati bultzadea emonez; eta jokabide-zientzien metodologiari buruzko bere ikerketak Euskadin izan dauen eragin handia. Balluerka doktoreak ekarpen sendoa egin deutso bere ezagutza-eremuan oinarritutako alkarteak sortzeari be, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai Espainian eta Europan be.
Iñigo Urkullu Lehendakariak 2021eko Euskadi Ikerkuntza Saria emon deutso bart Nekane Balluerka psikologo eta UPV/EHUko Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Saileko katedradunari. Lehendakaritzearen egoitzan egindako ekitaldian izan dira Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Adolfo Morais Unibersidade eta Ikerketa sailburuordea eta Amaia Esquisabel Ikerketa zuzendaria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!