Hasi da Saltillo eskola-ontziaren ibiltaldia jakintzearen itsasoan barrena

Bizkaie! 2022-07-13 08:11   Kulturea

Itsas ibiltaldiak geldialdiak egingo ditu lehorrean: Portugalete, Mutriku, Donostia eta Donibane Lohizune.

Erretratua: Tere Ormazabal (UPV/EHU). | Ikusi handiago | Argazki originala



UPV/EHU
ko eta Bordeleko Unibersidadeko ikasleek hasi dabe garagarrilaren 11tik 20ra Santurtzi eta Donibane Lohizune lotuko dituan joan-etorriko itsas ibiltaldia. Zeharkaldian, euskal itsasertzeko hainbat lekutan geratuko dira, herritarrei edegitako dobako jardueretan parte hartzeko.

Saltillo, UPV/EHUren eskola-ontzia itsasontzi bihurtuko da Una Universidad que mira al mar: navegando por el conocimiento en el buque escuela Saltillo izeneko uda ikastaroaren egoitza berezia, helburutzat dauena ezagutarazotea itsasoari begira UPV/EHUren unibersidade ikasguneek zientziaren, prestakuntzearen eta dibulgazinoaren alorrean egiten daben lana.

Bilboko Itsasmuseumen eginiko aurkezpenean, Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak azpimarratu ditu unibersidadearen eta itsasoaren arteko hartu-emonak: Gure unibersidadeak lotura estua izan dau beti itsas bizitzeagaz. Historia osoan izan dau lotura hori, nautikako ikasketen bidez, eta gaur egun be lotura horrek jarraitzen dau, beste gai batzuei lotutako ikasketen bidez: biologia, itsas baldintzak, kutsadurea eta ozeanoetako baliabide naturalak modu arrazionalean eta jasangarrian ustiatzea.

Beste lehentasun batzuekaz batera, jasangarritasuna da gure 2030 EHUagenda proiekturen oinarrizko erispidea, jasangarritasuna itsasoak, ozeanoak eta itsas baliabideak erabiltean, eta harrotasunez beteten nau jakiteak agenda hori aitzindaria dala estaduan.

Bestetik, Ricardo Barkala Bilboko Portuko presidenteak irakaskuntza praktikoaren garrantzia nabarmendu dau, nautika alorreko jakintzeari eta talentua erakarteari jagokenez: Ikastaro hau oso berezia da Bilboko Portuarentzat eta haren inguruko komunidade osoarentzat, irakaskuntzea ezinbestekoa dalako talentu barriak erakarteko Bizkaiko eta Euskadiko ekonomiarentzat oinarrizkoa dan sektore honetara. Horregaitik, eskerrak emon nahi deutseegu UPV/EHUri, egitasmo interesgarri eta eder honengaitik, gaitasun zehatz batzuk eskuratzeko aukerea emongo deutselako ikasleei, beharrezkoak itsasoari lotutako ikasketetarantz bideratutako etorkizun profesional bat jorratzeko.

Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak balio berezia emon deutso egitasmoaren barritasunari: UPV/EHUren uda ikastaroak Saltillon ontziratuko dira esperientzia barri bat eskaintzeko gure ikasleei. Bordeleko Unibersidadeagaz batera atondutako itsas zeharkaldi honek balioko dau ikasteko zelan jagon itsasoa, UPV/EHUko adituen eskutik. Portu bakotxean, berbaldi bat eta bisita bat egingo dira, edegiak eta dobaakoak, hainbat gai zientifiko, historiko eta sozial aztertuz, abiapuntu diranak ozeanoen jagoletzea eta jasangarritasuna jorratzeko.

Gainera, ikastaro hau kokatzen da UNUM - Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen programearen barruan, lehen edizinoa egun berberetan egingo dauena, Baionan.

Itsas ibiltaldiak hainbat geldialdi egingo ditu lehorrean (Portugalete, Mutriku, Donostia eta Donibane Lohizune), herritar guztientzako dobako jarduera edegiak eta berbaldiak eskaintzeko, gai askotarikoak landuko dituenak, besteak beste, ozeanoen osasuna, biodibersidadearen eta itsas-baliabideen konserbazinoa, energia sorkuntzea olatuen bidez, akuikultura jasangarria, Euskal Herriaren ondare historikoa eta haren itsas kulturea.

Jarduera edegiak izango dira:

- Nor izan zan Elkano? Ikuspegi barriak: Bilbo. Hizlaria: Xabier Alberdi (Historian doktorea).

- Itsasoko Teknologia Barriztagarriak: Oraina eta Etorkizuna / Urpeko Ibilgailuak Itsasoko Energia Barriztagarrietarako. Mutriku. Hizlariak: Eider Robles (Tecnalia) eta Iñigo Martínez de Alegría (UPV/EHU).

- Energia fotoboltaikoaren autokonsumo kolektiborako energiaren kudeaketea. Donostia. Hizlariak: Aritza Camblong (UPV/EHU) eta Garazi Etxegarai (UPV/EHU).

- Katalisia, gizarte jasangarri baten giltzarri. Donostia. Hizlaria: Iker Aguirrezabal (UPV/EHU).

- Ponentzia bikotxa: Akuikultura jasangarria arrain espezie barriakin Euskadin: mublea edo korrokoia. Mutriku. Hizlaria: Manuel Solo (UPV/EHU) eta Itsas energiak, transizino energetikorako erronkak. Mutriku. Hizlaria: Jon Lekube (EVE).

- Ozeano osasuntsu eta jasangarri baten altxorrak. Portugalete. Hizlaria: Ionan Marigómez (Plentziako Itsas Estazinoa).

Ikastaroaren programea hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu