Kaleko Antzerki eta Arte Eszenikoetako 17 konpainia Bilboko Aste Nagusian
2022-07-11 13:18 KultureaAbuztuaren 21etik 28ra estreinaldi bi izango dira.
Aurtengo egitaraua Bilboko Aste Nagusiko atalik indartsuenetakoa izango da; estreinaldiek, muntaia bereziek eta sari ospetsuak jaso dituen obrek laburbatzen dabe Aste Nagusiko Kaleko Antzerki eta Arte Eszeniko programazinoa. Kalidade handiko dobako ikuskizunak izango dira, ikus-entzule guztiei zuzendutako musikea, magia, akrobaziak, clowna eta umorea buztartzen dituenak, goizeko zein arratsaldeko saioetan.
Nazinoartean ospe handiko antzezpenak nabarmentzen dira, baita euskal konpainia ugari eta euskerazko lanak be, bai eta emakumeak eta dibersidade funtzionaleko personek egindakoak be.
Aurkezpena programazio hori hartuko dauen guneetako batean egin da, Gas Plazan. Bertan, Ganso & Cia-k Panoli Kabareta lanaren zati labur bat eskaini dau. Clown ikuskizun horrek jaietan izango dau pase osoa, hilaren 22an, 13:15ean.
Goizean eta arratsaldean
Gas Plazan eta Txikigunean izango dira ikuskizunak abuztuaren 21etik 28ra. Saio bi, 13:30ean eta 21:15ean, Gas Plazan. Bertan programautako lanek 50 minutu inguruko iraupena izango dabe.
Bestalde, Txikigunean, Casilda Iturrizar Parkeko Pergolako agertokian, umeei zuzendutako ikuskizunak izango dira, egunero 19:30ean, euskerearen presentzia nabarmenagaz.
Aste Nagusiaren 42. edizino honetan, Estaduko 6 konpainia eta nazinoarteko 2 helduko dira Bilbora, munduko hainbat lekutatik: Katalunia, Aragoi, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Brasil, Alemania eta Belgikatik.
Gainera, Aste Nagusia euskal konpainientzako plaza bihurtu da, izan be, Bilboko konpainia bi ibiliko dira eta Euskadiko gainerako lekuetako beste 8.
Bilboko Udalak, Kaleko Antzerki eta Arte Eszenikoen programazino honegaz guztiagaz, ikus-entzule guztiei hurreratzen deutse generoa eta umeen eta gazteen artean jarraitzaileak lortzeko apustu handia egiten dau. Arte eszenikoen jaialditzat hartzen da eta ehun profesional inguru batzen ditu. 2019. urtean, 40.000 ikus-entzule baino gehiago izan zituan.
Estreinaldiak
2022ko Aste Nagusiko Kaleko Antzerki eta Arte Eszenikoen programazioak ikuskizun biren estreinaldia ekarriko dau Bizkaiko uriburura: Gora bihotzak!, Eidabe (Euskadi) konpainiarena, eta Nüshu, 5 emakumez osotutako Cía. Capicúa-rena (Katalunia-Aragoi). Hilaren 21ean taularatuko dira Txikigunean, 19:30ean, eta eguaztenean, hilaren 24an, Gas Plazan, 13:30ean eta 21:15ean, hurranez hurran.
Sari gehien jaso dituen lanen artean, Circo Social-Zirkòlika Sarien 2021eko II. Edizinoan saritutako MUR konpainiaren (Katalunia) De tú a tú azpimarratu behar da. Aniztasun funtzionala daben artista taldeek parte hartzen daben proiektua da. Hilaren 27 taularatuko da Gas plazan 13:30ean eta 21:15ean.
Muntaia berezienen artean, Vaiven Circoren (Andaluzia) Esencial dago, domekan, hilaren 27, 21:15ean, Gas Plazan. Obrearen oinarrian dagoan elementu eszeniko berezia Waldorf ostadar jostailua da.
Beste eszenaratze harrigarrienetako bat Markeliñe euskal konpainiaren Psike izango da, argiz, kez eta pirotekniaz betea, Gas Plazan, astelehenean, hilaren 22an, 21:15ean. Double Take Cinematic Circus-en (Belgika) Jump cut eszenografia oso deigarria, hilaren 26an, 21:15ean, Gas plazan.
Euskal sorkuntzearen alde
Kale Antzerki eta Arte Eszenikoen programazinoa abuztuaren 21ean, domekan, hasiko da Txikigunean, eta 19:30ean Gora bihotzak! lana eszenaratuko dauen Eidabe euskal konpainiaren eskutik egingo dau.
Casilda Iturrizar Parkean batuko da euskal konpainia eta euskerazko ikuskizun gehien, umeei arreta berezia eskainiz. Saio guztiak 19:30ean izango dira. Hilaren 24an, eguaztenean, jarraituko dabe, Akelarren eskutik TNT lanagaz; 25ean, eguenean, Panpotx taldearen Arin arin erbiaren abenturak; 26an, barikuan, Hutsun + Ortzi taldearen Txalaparta hutsa; eta 28an, igandean, Tippia taldearen Plas & Co.
Gas Plazea bere euskal obra eta konpainien topagune izango da: astelehenean, hilaren 22an, Ganso y Cíaren Panoli kabareta 13:15ean eta Markeliñeren Psike 21:15ean; eguenean, hilaren 25ean, Hutsun + Urtzi konpainiaren txandea izango da Txalaparta hutsa lanagaz 13:30ean eta Urbasa, 21:15ean; hilaren 26an, Hika Teatroaren Gazte 13:15ean, eta domekan, 28an, 13:15ean, Zirika Zirkusen, Hemendikara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!