'Vive le cinéma!' erakusketea Tabakaleran

Bizkaie! 2022-07-11 11:11   Kulturea

Nazinoarteko lau zinemagile pantaila handitik erakusketa-aretora igaro dira.



Tabakalera
k Vive le cinéma! erakusketea inaugurau dau, zinemearen mugak aztertzen dituen erakusketa. Bertan, Dea Kulumbegashvili, Isaki Lacuesta, Lemohang Jeremiah Mosese eta Jia Zhang-ke zinema-zuzendarien ikus-entzunezko lanak ikusi daitekez; zinemea egiteko euren ohiko praktika eraldatu egin dabe erakusketa-areto baterako instalazino zinematografikoak sortzeko. Nazinoartean entzute handikoak diran lau zinemagileek erantzun deutse ikus-entzunezko instalazino baten bidez erakusketan parte hartzeko Tabakalerak egindako gonbiteari. Erakusketa hau Tabakalera eta Amsterdameko Eye Filmmuseumen arteko produkzinoa da Donostia Zinemaldiagaz lankidetzan; 2022ko garagarrilaren 9tik 2023ko urtarrilaren 8ra arte egongo da ikusgai, Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroko lehen pisuko erakusketa areto nagusian.

Vive le cinéma! erakusketan zinemagile bakotxzak argia eta soinua erabili ditu hainbat gai lantzeko: bizitzea eta heriotzea, politikoa eta egunerokoa eta gorputzaren presentzia eta absentzia. Gainera, gailu zinematografikoa bera be barriro asmau da, praktika artistikoentzako egokiagoa dan teknologia bat erabiliz, esperientzia filmikoa indartzeko. Gero eta ohikoagoa da erakusketa-aretoetan filmak ikustea edo ikus-entzunezko piezak zinema-areto batean; baita diziplina bien arteko konfluentziaren emoitzak ikustea be. Zinemearen eta erakusketen arteko gurutzaketa honetatik bestelako espazio-denpora hartu-emonak sortzen dira. Espazioari jagokonez, zinema-pantailan estatikoa eta dimensino bikoa dana, eraldatu egiten da erakusketa-espazioan eta ikusleak hiru dimensinoko esperientzia izaten dau. Denporeari jagokonez, ez dago hasierarik eta amaierarik, mobiduten diran irudiak eten barik erakusten baitira erakusketa-aretoetan.

Erakusketea egituratzen dauen idea zinemea bertopetearena da, argia eta soinua pantailaz harago zabaltzeko moduarena. Zabalkunderako zinema modu barriek, begiratzekoek, entzutekoek eta esperimentetakoek, oinarrizko zeregina dabe erakusketako lau artisten obretan. Erakusketako lau proposamenetako bi, Jia Zhang-kerena eta Moseserena, Amsterdameko Eye Filmmuseumen aurkeztu ziran eta Europako erakunde nabarmen honegaz lankidetzan ibili da Tabakalera, erakusketa hau zabaltzeko. Bestalde, Lacuesta eta Kulumbegashvilirenak berariaz produzidu dira erakusketa honetarako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu