Kulturea personen eta gizarte osoaren identidadea eregiteko elementu garrantzitsua da

Bizkaie! 2022-07-08 12:14   Musikea

Kulturea eta Sormen Industriak hazkunde handiko sektorea dira.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak (Deustu Fundazinoa) lankidetza hitzarmena sinatu dabe legealdi osorako, Kultura eta Sormen Industrien inguruko ikerketea bultzatzeko. Sektore hori sano garrantzitsua da ekonomiaren sustapenean, enplegu sorreran eta barrikuntzan.

Hitzarmena Bilbon aurkeztu dabe gaur Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bingen Zupiriak eta Orkestrako zuzendari nagusiak, Mari Jose Arangurenek. Erakunde biek oinarrizko hiru ardatzen inguruan lan egitea adostu dabe: Euskal Autonomia Erkidegoko kultur jarduerearen arlo ekonomikoan eta kuantifikazinoan sakontzea eta ha garatzeko politikak ezartzen laguntzea, kultur jarduerek euskal ekonomiaren hiru transizino handien aurrean daben posizionamendua zehaztea eta kultur jarduerearen dimensino ekonomikoaren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen arteko hartu-emonak aztertzea.

Kultura eta Sormen Industriak hazkunde handiko sektorea dira Europako Batzordearen eretxiz, beste industria batzuetan eragin positiboa dabelako eta aerrikuntzea eta lehiakortasuna katalizau leikielako. Azken urteetan, estadistika ugarik erakutsi dau sektorearen gero eta indar handiagoa eta ekonomiaren garapenean eta urien bizibarritzean dauen eragina.

Hasierea positiboa bada be, Eusko Jaurlaritzeak badaki sektoreak erronka handiak dituala aurrean, besteak beste, sektoreko enpresen neurria txikia dalako, aktibo ukutuezinak ditualako edo ikusgarritasuna faltea dauelako. Horregaitik, Zupiriak azpimarratu dau beharrezkoa dala Kultura eta Sormen Industrien inguruan ikertzea, Euskadiko gainerako sektore ekonomikoakaz parekatzeko eta ikuspegi estrategiko integrala garatzeko, gure lurraldearen lehiakortasuna bultzatu ahal izateko. Aurkeztutako azterlanek aukerea emongo dabe Kultura eta Sormen-Industria publikoen esparruan sartzen ditugun jarduerak sailkatzeko erispide argiak izateko; bigarrenik Euskadiko edo beste eremu batzuetako beste jarduera ekonomiko batzuekaz alderatzeko datuak izateko, baita euskal administrazino publikoetatik sustatzen ditugun politika publikoak hobeto zehazteko be.

Mari Jose Arangurenen eretxiz, Orkestrea personen ongizatea helburu dauen lehiakortasun eredu bat bultzatu guran dabil eta eredu horretan, lurraldeko eragile guztiek norabide berean lan egin beharko dabe, hiru transizinoek ekarriko deuskuezan aukera barriak aprobetxau ahal izateko: Kultura eta Sormen Industriek zeharkako zeregina izan leikie gizartea eredu jasangarri eta inklusibo baterantz eroateko; horrenbestez, industria horreek transizino handietan egin leikien ekarpenaren inguruan ikertzea bat dator gure helburuagaz, adierazo dau.

Arlo ekonomikoaz gan, erakunde biek uste dabe kulturea personen eta gizarte osoaren identidadea eregiteko elementu garrantzitsua dala. Enplegua eta aberastasuna sortzen dauen jarduera izateaz gan,  erakunde biek kultureak gizartean integretako dauen balioa azpimarratu nahi dabe. Horrenbestez, aurrera eroan gura diran kultur politikek Euskadirako lortu nahi dan hazkunde inklusibo, adimendun eta jasangarriari lagundu behar deutse eta gaur aurkeztu diran ikerketeak konpromiso horren erakusle argia dira.

Lankidetzearen lehen emoitzak

Lankidetza honen lehen emoitzak argitalpen bilduma bat da, edonoren eskura dagoana.

Lehen txostenak, Kultura eta Sormen Industrien perimetroak Euskadin, Euskadiko Kultura eta Sormen industrien perimetroa argitzea dau helburu, sektorea mugatzea oinarrizkoa baita etorkizuneko ikerketak egiteko. Mugatze horrek laguntzen dau Kultura eta Sormen Industriak sustatu eta garatzeko politikei ikuspegi praktikoa emoten, modurik egokienean ezarri ahal izateko.

Bigarren txostenak sektorearen dimensino ekonomikoa dau aztergai: 2019. urtean Euskadiko Kultura eta Sormen Industrien sektorea guztira 16.886 enpresak osotzen eben eta 33.983 lanpostu zituen, hau da, enplegu osoaren % 3,84. Sormen industriek 9.737 enpresa eta 13.433 enplegu sortzen zituen eta kultura industriek, 7.149 enpresa eta 20.550 enplegu. Txostenari esker, kultura eta sormen produktu eta zerbitzuen eskaintza eta eskaria ulertu ahal izan dogu, baita horreek turrustan sortzen daben jarduera ekonomikoa be. Gainera, balio kate berekoak izan barik, jardueren artean arazo homogeneoak identifikau ahal izan dira.

Orain arte argitaratutako azken txostenak pandemiak kultura eta sormen industrietan izan dauen eragina aztertu dau, kontuan hartuta sektore honetan murrizketek berehala eragin ebela eta jarduera ekonomikoa normaltasunez berreskuratzen azkenetako bat izan dala. Azterlanak erakusten deusku EAEko Kultura eta Sormen Industriek 243 enpresa galdu zituela 2020an, beraz, % 1,45eko jatsierea izan zen enpresa kopuruan. Sormen jarduerek jatsiera handiagoa izan eben, % 2,11; eta kultura jarduerek, txikixeagoa, % 0’56. Kultura eta Sormen Industriaren enpleguaren bilakaereari jagokonez, 2020an 563 enplegu galdu ziran.

Sektorearen fakturazinoari begiratzen badeutsagu eta 2020ko datuak 2019koakaz konoparauta, kultura eta sormen jarduerek ia - % 29ko jatsierea izan eben kultura sektorean eta - % 32koa, sormen jardueretan. Datu horreek partzialak eta orientatiboak dira, enpresa txikietako datuak ez dagozalako eskura, baina ukaezina da sektorean eragin handia izan dauela pandemiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu