'Euskal artisten programa, 2015–19', garagarrilaren 8tik irailaren 6ra

Bizkaie! 2022-07-07 13:18   Kulturea

Komisarioak Lucía Agirre eta Geaninne Gutiérrez-Guimarães dira

25. urteurrenaren barruan, Guggenheim Bilbao Museoak hamar euskal artistaren obrak jarri ditu ikusgai, orain arte Basque Artist Program-Euskal artisten programak izan dituan bost edizinoetan parte hartu dabenen artistenak, hain zuzen. Programea Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoek batera jarri eben martxan 2015ean eta EAEn jaio edo berton bizi diran sortzaileei zuzendua dago. Urtero eskaintzen dau aukerea nabarmentzen hasiak diran sortzaile bik, museo bietako arte-ardura taldeek hautatuek, Solomon R. Guggenheim Museumeko profesionalen eskutik New Yorkeko eszena artistikoari buruzko orientazino-saio trinko batean parte hartu eta prestakuntza-esperientzia berezi bat bizi deien, trukea eta garapen profesionala bultzatzea helburu hartuta. Dagoeneko zabalik dago 2022ko edizinoa eta garagarrilaren 18an amaituko da izena emoteko epea.

Ondokoak dira artelanak sortu dituen hamar artistak: Raquel Asensi, Nora Aurrekoetxea Etxebarria, Helena Goñi, Jon Gorospe, Gala Knörr, Maite Pinto, Karla Tobar Abarca, Alain Urrutia, Cristian Villavicencio eta Diego Vivanco. Identidadea, historia, errepresentazinoa edo memoria indibiduala eta kolektiboa dira artista horreek euren lanean aztertzen dituen gaietako batzuk, askotariko baliabideak erabilita aztertu be: pinturea, eskulturea, papel gaineko obrak, erretratugintzea, bideoa, kokapen zehatzeko instalazinoa eta performancea.

Raquel Asensiren (Bilbo, 1989) obran naturala eta artifiziala buztartu egiten dira performancearen, berbearen eta objektu eskultorikoaren bitartez.

Nora Aurrekoetxea Etxebarriak (Bilbo, 1989) eraikuntzako materialak erabilten ditu, normalean begien bistan ez dagozanak. Material horreek euskarri bihurtuta, eztainu, brontze eta zidarrezko eraztunak eta txirikordak txertatu eta zintzilikatzen ditu hareetatik.

Alain Urrutiak (Bilbo, 1981) memoria indibidualaren eta kolektiboaren kontzeptuak aztertzen ditu Memento (2021 – prozesuan) lanean. Instalazino/mosaiko horretan, irudi barriak eta berreskuratutakoak aurkezten ditu garai bateko markoetan eta artisteak pieza barri bat gehitzen deutse urtero denporearen joana aditzera emoteko.

Gala Knörrek (Gasteiz, 1984) Ipar Amerikako Mendebaldearen historiaren kontakizuna berraztertzen dau. Horretarako, zenbait figura berreskuratzu ditu, zeregin nabarmen bat bete izan arren, ahanzturan geratu diranak herri-kultura iparramerikarrean.

Maite Pinto (Logroño, 1993) memorian eta identidadean oinarritzen da, indibidualean nahiz kolektiboan; bere lanean, askotariko artxiboetako erretratuak berreskuratu eta grabatu-teknikearen bidez birsortzen ditu. Bere akuaforteak 1937an Habana baporean Southamptonera (Erresuma Batua) bialdu zituen milaka euskal umeetako batzuen erretratuetan dagoz oinarrituta.

Jon Gorosperen (Gasteiz, 1986) Hiri leunduak (Polished Cities, 2018-21) erretratu zuri-baltzez osotuta dago, hainbat uritako eraikin garaikideetan hartuak eta ordena geometrikoan atondutakoak. Irudi horreetako batzuetan akrilikozko lamina gorriak aplikau ditu —bizitza metropolitarraren erritmo frenetikoa aditzera emoten dauen kolorea— gizarte distopiko bat berrinterpretetako helburuz.

Cristian Villavicencioren (Quito, 1984) Txilibitua (Organismo hibridoak sailekoa) obreak historia eta memoria kolektiboa buztartzen ditu tradizino indigena berreskuratuz eta berrinterpretauta. Kolonaurreko eskultura bat hiru dimensinotan eskaneau eta musikako haize-instrumentu bat sortu dau.

Bideoaren, argazkiaren, performancearen eta instalazioaren bidez, Diego Vivancok (Bilbo, 1988) agerian itxi ditu testuinguru sozial, politiko eta kultural ezbardinetan sortzen diran tensinoak. Giza banderea (Human Flag, 2013) lanean artisteak bere burua irudikatu eta dei egiten dau identidade-ikurrei emoten jaken aparteko garrantziari buruzko hausnarketa bat egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu