Martxan da 'Getxo Sormen Hub' sormen sektorerako ekintzailetza zentro barria
2022-07-07 12:14 KultureaPrezio publikoak onartu ondoren, laster lokaletara sartzeko oinarriak argitaratuko dira.
Sormen eta kultura-sektoreagaz lotutako proiektuetarako eta enpresentzako ekintzailetza-zentro barria martxan da. Algortan, Urgull Zentroan dago eta lokalak, gainera, zahartze aktiborako eta KZ Gunerako hainbat ekimen be hartuko ditu.
Getxoko Udalak dagoeneko prezio publikoak onartu ditu espazioak enpresa-proiektuei lagateko. Modalidade bi egongo dira: bata lanpostu finkoetarako (75 €+ BEZ) eta bestea txandakako lanpostuetarako (40 €+ BEZ). Espazioak hartzeko deialdiaren oinarriak laster argitaratuko dira eta eremu horreetan lan egiten daben personek eskuratu ahal izango ditue, euren proiektuen estadioa edozein dala be.
Getxo Sormen Hub
Sormen eta kultura-sektoreagaz lotutako proiektu eta enpresentzako ekintzailetza-zentroa 2020an sortu zan, Udaleko Ekonomia Sustapen Sailak udalerriko sektore estrategikoei buruzko diagnostikoa egin ondoren. Holan, 2021ean Getxo Itsas Hub sortu zan bezela, orain Getxo Sormen Huben topagune barria abiarazo da. Iñigo Urkitza Ekonomia Sustapeneko zinegotziak adierazo dauen lez, helburua da Getxon eragin positiboa sortzeko aukera-guneak eregiten joatea. Kulturearen eta sormenaren esparru horretan, ikusi dogu proiektuak jasangarriagoak izatea ahalbidetuko dauen sare bat sortu behar dala, sektoreak sendotzeko bidean aurrera egiteko. Gogoratu behar da kultura eta sormen-industriak hogei diziplina baino gehiago hartzen dituala, besteak beste, arkitektura eta diseinu-ikasketak, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak eta musikea.
Lanerako espazioak
Getxo Itsas Hub bezela (itsasoagaz eta irristatzeagaz zerikusia daben enpresei zuzendua), kultureagaz eta sormenagaz lotutako enpresek gune bat izango dabe Algortan, Urgull kalean. Espazioak 22 lanpostu hartuko ditu, finkoak eta txandakakoak.
Getxo Sormen Hub, espazio fisikoa izateaz gan, ekimenaren inguruan sektorea profesionalizetako ekintzak, aholkularitzea, prestakuntzak, programak eta topaketak sortzen joango dira, sektoreko enpresak sendotzeko.
Informazino gehiago Ekonomia Sustapenaren Arloan: 94 466 01 40 edo getxolan@getxo.eus
posta elektronikoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!