Mari Puri Herrero, Nora Aurrekoetxea eta Consonni dira Gure Artea 2022 saridunak

Bizkaie! 2022-07-06 12:26   Kulturea

Sariak emoteko ekitaldia udagoienean egingo da Donostian, Tabakaleran.

Gure Artea sariak arte plastiko eta ikusizkoen arloan Euskadin emoten diran saririk garrantzitsuenak dira eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaile Bingen Zupiriak gaur emon ditu jakitera aurtengo irabazleen izenak. Epaimahaiaren erabagiz honako honeek dira aurtengo Gure Artea saria jasoko dabenak:

· Ibilbide artistikoa autortzeko saria: Mari Puri Herrero.

· Sorkuntza-lana autortzeko saria: Nora Aurrekoetxea.

· Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana autortzeko saria: Consonni.

Artium Museoan egindako ekitaldian sailburuagaz batera Andoni Iturbe Kultura sailburuordea, saridunak eta epaimahaiko kideak be izan dira: Damaris Pan, Fernando Pérez, Jesus Mari Lazkano, Maite Garbayo eta Mikel Lertxundi. Jesus Mari Lazkano epaimahaiburuak azaldu ditu euren erabagiaren arrazoiak. Sorkuntza lana autortzeko saridunak eta arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana autortzeko saridunak 18.000 eurona jasoko dabe eta ibilbide artistikoa autortzeko saridunak, aurten, 20.000 euro jasoko ditu, aurreko edizinoetan baino 2.000 euro gehiago. Sariak emoteko ekitaldia udagoienean egingo da Donostian, Tabakaleran.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak gaurko agerraldian adierazo dauenez, sarien helburua artista honeen guztien lana autortzea da baina horrezaz gan, arte garaikideak gure gizartean eta kulturgintzan dauen garrantzia eta eragina nabarmendu, autortu eta saritzeaz gan epaimahaiak artiston balio eta ekarpen artistiko eta profesionalak euskal gizarteari jakinarazo gura izan deutseguz.

Ibilbide artistikoa autortzeko saria

Aurtengo Gure Artea sarietako epaimahaiak erabagi dauenez, Mari Puri Herrero artista bilbotarrak jasoko dau ibilbide artistikoa autortzeko saria. Epaimahaiak azpimarratu dauenez, Herreroren obra zabalagaitik eta bere kalidade artistiko bikainagaitik merezidu dau autortzea. Mende erdi baino gehiagoko ibilbidea egina dau Herrerok eta epaimahairen eretxiz, jardunean jarraitzen dauen sortzaile berezia da—margolaria, grabatzailea eta eskultorea— eta bere obrak irudimenezko hausnarketatik nahiz inpresionismoaren berehalakotasunetik sortua da. Haren obrak figurazino liriko, poetikoa islatzen dau eta erreferentzia sinbolikoz betea dago.

Sorkuntza-lana autortzeko saria

Epaimahaiaren erabagiz Nora Aurrekoetxea bilbotarrak jasoko dau aurten sorkuntza-lana autortzeko Gure Artea saria.

Epaimahaiko kideek azpimarratu dabenez, Nora Aurrekoetxea egungo euskal eskulturearen ordezkari nagusietako bat da. Eskulturearen arloan, instalazinoen sorkuntzan oinarritzen da bere lana. Horreetan hainbat lengoaia buztartzen ditu, besteak beste, testua, performancea eta objektuak —gehienak berak sortuak baina beste batzuk eraldatuak edo testuingurutik ataratakoak—.

Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana autortzeko saria

Consonni arte garaikideko produtorea eta Bilbon egoitzea dauen argitaletxe espezializatuak jasoko dau aurtengo arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana autortzeko Gure Artea saria. Consonnik hogeita bost urte daroaz euskal artearen panoraman lanean eta Estaduan bakarra da ezaugarri horreek batzen dituana. Epaimahaiak azpimarratu dauenez, kultura kritikoaren produkzinoa da consonniren esentzia.

1996an sortua da consonni eta epaimahaiak adierazo dauenez, kultura kritikoa hainbat euskarritatik eta askotariko testuingurutan produziduten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu